Satorralaiak salatu du metroaren Mirakontxa-Easo zatiaren eraikuntza lanetan %164ko gainkostua sortu dela
Zati horren lanak 53 milioi eurotan esleitu ziren 2017an, baina Eusko Jaurlaritzaren txosten baten arabera, egungo zenbatespenean 140 milioira igo da obra kontratuen indarreko aurrekontua.

Satorralaiak bidalitako ohar baten salatu du 87 milioi euro gehitu zaizkiela Donostiako Metroaren Mirakontxa-Easo zatiaren eraikuntza lanen aurreikusitako gastuei, alegia, %164ko gainkostua sortu dutela. Herritarren mugimenduak metroaren gastuei buruzko informazioa galdegin zion Eusko Jaurlaritzari eta jaso duten urtarrilaren 21eko txosten baten arabera, lanak 53 milioi eurotan esleitu ziren 2017an eta egungo zenbatespenean 140 milioira igo da zati horren obra kontratuen indarreko aurrekontua. Metro pasabidearen lanen guztizko aurrekontuari dagokionean, aldiz, 2016 urtean onartutako proiektuaren azterketan 172 milioikoa (BEZa barne) bazen ere, egun 280 milioira heldu da gastua, txostenean zenbatzen den 232 milioiko aurrekontuari BEZaren %21 erantsita.
Idatziarekin batera, Jaurlaritzak bidalitako txostena ere helarazi dio Satorralaiak IRUTXULOKO HITZAri. Bertan ikus daiteke Mirakontxa-Easo tartearen I faseko eraikuntza lanetan 49,2 milioi euro gastatu zituztela, lan horiek Zubieta kalean sortutako zuloaren eta indusketa lanetan ustekabean agertutako hondar eta ur kopuru handien ondorioz geldiarazi zituzten arte egindakoak dira. Satorralaiak gogoratu du, Eusko Jaurlaritzak orduan adierazi zuenez, arazo horiei aurre egiteko garatu beharreko eraikuntza sistema berriek “obraren kontuen %80ko igoera” ekarriko zuten, eta ondorioz, orduko kontratua desegin, eta Mirakontxa-Easo II fasea eraikuntza proiektu aldatu batekin esleipen berri bat egin zuen. 2021eko apirilaren 22an 47, 8 milioi eurotan adjudikatu zion Altuna y Uria, Acciona eta Iza enpresen elkarteari. Aipatu dokumentuan ikus daiteke, ordea, 47,8 milioietatik 90,2 milioira igo dela. “Hau da, adjudikazioan agindutako prezioa berriro ere bikoiztu egin da, eta Mirakontxa-Easo zatiaren obraren I fasean gastatutako 49,2 milioien eta II fasean gastaturiko 90,6 milioien batuketa eginda, orotara, 140 milioira igo dela ondorioztatzen da zati horren eraikuntzaren kostua”.
Halaber, herritar mugimenduak arreta jarri nahi izan du “emergentziako obren” hiru espedienteren gainean. Lehen biak gertakari ezagunak dira, 2020ko ekainean Kontxako hondartza azpian egindako euspen, zigilatzen eta eraikinen egonkortze lanak, “tunelaren zulaketan gertatu zen ezbehar larriak eta Zubieta kaleko etxebizitza eraikin baten zimenduetan sortu zuen zulo sonatuak eragindako emergentzia egoerari” dagokiona; eta 2021eko martxoko Easo plazaren azpian egindakoa, 2,7 eta 5,8 milioi eurokoak, hurrenez hurren. Hirugarrenak, aldiz, “Eusko Jaurlaritzak eta Donostiako Udal Gobernuak publikoki inoiz informatu ez duten egoera bat” erakusten du. Txostenaren arabera, 2024ko apirilean Erdialde-Kontxako Geltokia obra gunean egin zituzten 14 milioiko aurrekontua izan zuten emergentziazko lan horiek.
Satorralaiaren ustez, “demasia horrek guztiak gure hiriko lurpearen baldintzak aintzat hartu gabe Erdialde-Kontxako zonalde komertzial eta turistikora metro gisako azpiegitura bat kosta ahala kosta eraiki nahi izatearen ondorio dira, hiritarren gehiengoak zeharo behargabekotzat jotzen duen proiektu bat izanik, gainera”. Halaber, Donostiaren neurriko hiri batean “garraio publiko egoki bat eskaintzeko” beste aukera batzuk badira berretsi dute, “halako obra erraldoi eta xahutzailerik egin behar izan gabe”.