Reale Arena izateari utziko dio Anoetak

Denboraldia bukatzean, Realak eta Reale aseguru etxeak duten harreman komertziala etengo dute. Hamahiru denboraldiz babestu dute talde txuri-urdina, eta 2019ko irailetik Anoeta futbol estadioari izena jarri diote: Reale Arena. Ordea, klubak jakinarazi du babesletza bukatzera doala, eta, berez, jatorrizko izena berreskuratuko du zelaiak: Anoeta.
“Realarekin gehien inplikatutako marketako bat izan da, eta Realaren izateko eta egiteko modua hobekien ulertu duenetako bat. Bazkide estrategiko bikaina, klub honetan baliabideak eta konfiantza inbertitu zituena”, adierazi du Realeko presidente Jokin Aperribaik. Reale aseguru etxearen izenean, Ignacio Masrical CEO-ak hitz egin du, eta esker oneko hitzak eskaini dizkio klubari: “Realari eskerrak eman nahi dizkiogu urte hauetan guztietan gugan jarritako konfiantzagatik, eta zale txuri-urdinei ere eskerrak eman nahi dizkiegu, emandako baldintzarik gabeko babesagatik, lankidetza honen arrakastarako funtsezkoa izan baita”.
Realak nabarmendu duenez, Reale izan zen Espainiako Ligako estadio baten naming eskubideak eskuratu zituen lehen aseguru etxea. “Ordutik, Reale Arena Europako futbol zelairik goraipatuenetako bat izan da. Pandemiak, gainera, maila sozial eta ekonomikoan garairik zailenetako bat izan bazen ere, ez zuen bi erakundeen arteko aliantza ahuldu, kontrakoa baizik”, adierazi du klubak.