Columbus inbertsio funtsak Illunben parke teknologiko berria eraikiko du, 80 milioi euro inbertituz

“Bost urte barru ez dugu Illunbe ezagutuko. Hiriarentzat berreskuratutako espazio bat izango da”. Pozik azaldu da Eneko Goia alkatea prentsa aurrean, hiriarentzat “estrategikoa” izango den proiektuaren berri emateko. Urteak dira Miramongo enpresek leku berri bat eskatzen ari zirela, eta, azkenean, Illunbeko lur sailetan eraikiko dute espazio berria.
Columbus Venture Partners inbertsio funtsari saldu dio udalak lur saila, 9,5 milioi euroren truke. Columbuseko sortzaile eta presidente eta Viralgen enpresako presidente Javier Garcia Cogorrok adierazi du 80 milioiko inbertsioa egingo dutela bertan zentroa eraikitzeko. Bi fasetan eraikiko dute, “urgentzia” handia dagoelako.
Izan ere, Garciak berak aitortu du erakundeei “presa sartu” diela, nazioartean biomedikuntzaren sektorean ematen ari den hazkundeak lekuak behar dituelako. Nazioarteko panoraman Donostia “lehiakorragoa” dela adierazi du: ez bakarrik “Gipuzkoako fiskalitateagatik”, bazik eta hemen soldatak “lehiakorragoak” direlako Bostonen edo Californian baino. Honela, kapitalak erakartzeko proiektu estrategikoa dela adierazi du Garciak eta eskerrak eman dizkio udalari eta aldundiari. Aldarrikatu duenez, “munduan hiri gutxik dute parke teknologiko bat hiriaren barruan; horrek talentua eta kapitala erakartzen ditu”.
Eneko Goiak argi du urrats erabakigarria dela honakoa “zientzia eta berrikuntzaren hiriaren” norabidean. 11.413 m2-ko azalerarekin, partzela berriak 28.587 m2-ko eraikigarritasuna eskaintzen du hirugarren sektoreko erabilerarako eta beste 36.332 m2-ko eraikigarritasuna sestra azpian.
Garciak azaldu duenez, multinazionalek bertan lekua “ahalik eta azkarren” har dezaten ari dira lanean. Bayerrek bere enpresa zen Viralgen erosi ostean, eta AEBetako Amperstad kapital pribatuko funtsak VIVEbiotech erosi berritan, “eredu” hori nahi du Garciak euskal enpresentzat, eta ildo hori jarraituko du parke teknologiko berriak enpresa hasi berrientzat “laborategi” funtzioa betez.