Elkartasun bidaia, basamortutik itsasertzera
Oporrak Bakean egitasmoak ia 40 urte daramatza haur sahararrak uda-pasa Euskal Herrira ekartzen. Aurten, hirira dozena bat etortzea nahi dute, baina erdiak ez du oraindik harrera familiarik. Martxoaren 15ean itxiko dute epea.

Fronte Polisarioak Saharako Errepublika Arabiarra aldarrikatu zuenetik 49 urte bete dira ostegunean. Askatasun ametsaren gauzatzea behar zuena, ordea, isilarazitako gatazka politikoa, gerra eta erbestea izan dira sahararrentzat, beren lurrak Marokok okupatu baitzituen. Eguneroko hori bi hilabetez atzean utzi, basamortuko muturreko bero eta baldintza gogorretatik aldendu, eta euskal lurretan uda igarotzeko aukera ematen die 12 urte arteko haurrei Oporrak Bakean egitasmoak. Hori guztia eta gehiago.
«Lehenbailehen desagertzeko nahiaz» abiatu bazuten ere, ia lau hamarkada osatu ditu eta ehunka ume sahararrek izan dute hirira etortzeko aukera. Fronte Polisarioaren bultzadaz abiatu zuten 1986an eta Donostiako Udalak sorreratik parte hartu du. Lehen urteetan, Uliako aterpetxea zuten ostatu; familiak hara joaten hasi ziren, haurrak asteburu pasa eramaten… eta 1996tik etxeetan gelditzen dira denak.
Hasieran, 50 ziren, gero, 40, 35… Urtetik urtera behera egiten joan da eta ez da altxatu. Aurtengo helburua dozena bat etortzea da. Asmo «xumea» bada ere, «lortzen zaila» dela dio egitasmoaren Donostiako eta Gipuzkoako koordinatzaile Eli Eizagirrek. Erdiak badu beso zabalik hartuko duen familia, beste erdiari, aldiz, oporraldirako etxea falta zaio. «Itxaropentsu» dago arduraduna, informazioa eskatu dutenak badirelako. Martxoaren 15era arte zabalik dago aukera, eta gehiago jakin nahi dutenek, martxoaren 10ean udaletxean 17:30ean egingo duten bilerara joan daitezke.
Edonork parte har dezake «gogoa, denbora eta tokia» baditu, izan pertsona bakarra, bikotea edo seme-alabak dituen familia. Mugetako bat kateatuko dituzten beldurra dela uste du koordinatzaileak, alegia, epe luzerako engaiamendua eskatuko dietela pentsatzea; horregatik ohartarazi du «aurten bi hilabeteko konpromisoa hartzea» besterik ez dutela behar. Edonola, bizipena ona bada, haurra eta familia gustura badaude, ohikoa da errepikatzea eta harremana luzatzea. Gai izango diren kezka dutenei, berriz, egunerokoan «laguntzeko, aholkuak emateko, esku bat botatzeko» prest dagoen komunitate babesa izango dutela helarazi nahi die.
Ikuspegi aldaketa
Emma Eizagirre antiguatarrak ez zuen aparteko kezkarik 2022an Mahyub Salec eta Mohammed Jalihenna etxean hartzea erabaki zuenean. Irratian entzundako albiste batek bultzatu zuen parte hartzera, eta beldurra mutikoei atzeman zien. «Ez dira hona inoiz etorri eta beldurtuta daude hasieran. Kultura erabat desberdina da; eskerrak esponjak diren… Moldatzen dira». Guraso sahararrek hona etortzea onuragarria dela badakite, batzuek aukera bera izan zuten haurtzaroan; baina umeentzat etxetik urruntzea gogorra dela nabarmendu du. Pazientzia eta ikuspuntu aldaketa behar direla uste du. «Herrimina dute eta joaten direnean pozarren doaz, hemen pozik badaude ere», gogoratu du.
8 urte zituztela egin zien harrera lehengoz eta aurten ere berera ekarriko ditu. Lehen urtean, azkenerako, elkar ulertzen zuten eta urtebete geroago bueltatu zirenean ere berehala berrartu zuten euskara. Iaz izan zen errazena, «elkar ulertzea abantaila baita». Erlijioa ere ez da oztopo izan. «Erraza egin zait. Kultura ezberdinak dira, baina errespetua badago… Nik ez dut arazorik izan».
Itxuraz sahararrei laguntzeko bidea bada ere, bi noranzkoetan da aberasgarria. Antiguatarrarentzat «irakaspena» izan da: «Askoz gutxiagorekin bizi daitekeela ikasi dut. Armairuan zenbat arropa nuen ikustean jarri zuten aurpegia… lotsa ere sentitu nuen. Edo zapatak. Beraiek pare bakarra dute eta apurtua». Bizipena bera ere pentsatutakoa baino gehiago izan da. «Ez nekien zer zen 8 urteko bi mutil etxean edukitzea, zoragarria izan da. Pila ikasten duzu, zure errutina erabat apurtzen dute, eta beraien erritmora egokitzen zara».
Onura zabaldu
Hemen pasatzen duten denbora oso baliagarria da haurraren osasuna aztertu eta beharrezko neurriak hartzeko: betaurrekoak jarri, belarriko tapoiren bat kendu, hortzak aztertu… Iristean mediku azterketa egiten diete eta espezialistaren baten beharra balego, elkarteak kudeatzen du, nahiz eta familiak eraman beharko duen hitzordura. Bi asteko igeriketa ikastaro bat egiten dute, flotatzen ikasteko, eta astean behin edo bitan jarduerak antolatzen dituzte: Aquariumera bisita, arratsalde-pasa hondartzan… Halakoetan umeek hassania entzun eta askatasunez hitz egiteko aukera dute, eta familiek, prozesu bera bizitzen ari diren beste batzuekin partekatzekoa.
Osasunaz haratago, bestelako errealitate bat ezagutzeko aukera ere bada. Lehenengoz olatuen artean ibiltzea, igerilekura salto egitea, loreak usaintzea, hiriko eraikuntza handiak ikustea… Bizipen horien onurak haurra gainditzen du, pasadizoak kontatzeak Tindufeko (Aljeria) errefuxiatu kanpalekuko monotonia apurtzen baitu, egunerokoa beti berdina izatea oso gogorra baita. «Denek irabazten dute eta 4.000 kilometrora gaudenok beraiekin jarraitzen dugula nabaritzeko aukera da. Askotan, bakarrik daudela sentitzen dute eta umeak Euskal Herrira ekartzeak erakusten die hemen gaudela».
Iraupen luzeko gatazka izanik, hedabideen fokutik kanpo dago. «Mila arazo daude munduan eta Sahara ez da horietako bat. Ez gara kontziente 2020tik gerra aktiboan daudela, hona etortzen diren haurren aitak, anaiak, bizilagunak gerrara doazela». Horri gehitu behar zaio pandemiak okertutako egoerari ez diotela buelta eman, eta gainetik, hara bideratutako diru laguntzak murriztu izana. Hala ere, Esperantzari leiho bat leloa jarri diote kanpainari, gaztetxoak hona ekartzea delako beren ekarpena eta «haurrak direlako herri sahararraren esperantza».