Felix Likiniano eta Kasilda Hernaez, baita erresistentzia frantsesean ere
Anarkismoaren, askatasunaren eta utopiaren aldeko borroka izan zen Felix Likiniano eta Kasilda Hernaezen bizitzen ardatz nagusia. Bai 36ko gerraren aurretik, bai 36ko gerran eta bai erbestetik. Eta, sarritan esan izan bada ere ez zutela erresistentzia frantsesean modu aktiboan parte hartu, kontrakoa dioten froga batzuk daude.

Ez ziren Donostian jaioak, baina bai donostiarrak, hirian bizi baitzen Kasilda Hernaez eta Felix Likiniano anarkistek osatutako bikotea. Hernaez (Zizurkil, 1914—Donibane Lohizune, Lapurdi, 1992) txiki-txikitatik bizi zen Donostian eta Likiniano (Eskoriatza, 1909—Miarritze, Lapurdi, 1982), aldiz, Arrasaten. 1934an, biak espetxeratu zituzten: Likiniano Asturiasko meatzariak babesteagatik eta Hernaez urte hartako urriko greba iraultzailean lehergailuak banatzeagatik. 1936an, ordea, Espainiako Fronte Popularrak ezarritako amnistiarekin, aske utzi zituzten eta Madriletik Donostiara zetorren trenean ezagutu zuten elkar, baita Donostia bizileku hartu ere.
Beraiek izan ziren, Manuel Chiapusorekin batera (Donostia, 1912—Barakaldo, Bizkaia, 1997), Euskal Herriko anarkista ezagunenak, hirurak CNT sindikatukoak eta donostiarrak. 1936ko uztaileko altxamendu frankistari aurre egin zioten Donostian, baita garaitu eta Donostiako Komuna antolatzen lagundu ere.
Donostian ez ezik, Irun eta Hondarribia artean, Katalunian eta Aragoin ere frankisten aurka borrokatu ziren, harik eta Francoren tropek gerra irabazi eta Frantziako Estatura erbesteratu behar izan ziren arte. Ipar Euskal Herrian pasatu zuten euren bizitza ordutik, baita beti euskal errefuxiatuei eta nazien aurkako borrokalariei laguntza eskaini ere. Gerora, anarkistak baziren ere, ETArekin harremana izan zuten; Likinianok berak egin zuen sugearen eta aizkoraren anagrama ezaguna.
Sarritan argitaratu izan da, ordea, nazien aurkako borroka babesten bazuten ere, ez zutela modu aktiboan parte hartu erresistentzia frantsesean Bigarren Mundu Gerrak iraun zuen bitartean. Hori gezurtatu nahian, zenbait dokumentu, lekukotza eta froga fisiko ekarri dituzte hizpidera Gipuzkoako CNTko Borondate Ona Oroimen Taldeko kideek.
Gurs eta Lorient
Hernaezek berak kontatu zuen Luis Jimenez de Aberasturiren Casilda, miliciana liburuan (Txertoa, 1985) muga pasatzean banandu egin zituztela Likiniano eta bera. Eskoriatzakoa 36ko gerrako errefuxiatuen Gursko kontzentrazio esparrura bidali zuten (Zuberoa), eta han egon zen tropa naziak Frantzia hartzen hasi ziren arte.
Handik, Bretainiako Lorient hirira joan zen bikotea eta, garaiko dokumentu esanguratsuak ditu Oroimen Ona taldeak, hala nola, Lorienteko euren etxeko alokairuaren ingurukoak eta Likiniano, bere anaia Eduardo eta Hernaez erbesteko CNTko kide gisa identifikatzen dituzten dokumentuak, 1944koak: «Badakigu Todt erakunde nazia bertan eraikitzen ari zen urpekari basean ez zutela sabotajerik egin, kontrola zorrotza baitzen han; bai, ordea, trenbideetan. Eta, besteak beste, Diego Franco Amador anarkista ere han egon zen, ondoren Bidebietan fusilatuko zutena».
«Felix eta Kasildaren erresistentzia sareko kide baten orduko Ausweis dokumentua ere badaukagu, naziek zona jakin batzuetara pasatzeko eskatzen zutena; ez dakigu faltsifikatua den ala erreala. Antzeko beste baimen bat ere badaukagu, 1946koa, Frantziako muga pasatzeko balio zuena. Izan ere, gerra galduta ere, borroka mentalitatea zuten eta egitura mantentzen zuten.», gaineratu du Borondate Onako kide batek.
Horrek ez du frogatzen erresistentzia frantsesean modu aktiboan parte hartu zutenik, baina bai Eduardo Likinianoren dokumentaziotik ateratako beste dokumentu batzuek. Izan ere, ofizialki erresistentzia frantsesaren parte zen FFI erakundeko Eduardo Likinianoren eta Hernaezen dokumentazioa daukate Borondate Ona taldekoek, Espainiako boluntarioen batailoikoa eta «Basque» batailoikoa. Gainera, oroimen taldeko kideak nabarmendu du Frantziako Errepublikak Likiniano eta Chiapuso kondekoratu zituela, erresistentzian parte hartzeagatik.

CNTko kide baten Ausweis baimena, 1940ko hamarkadakoa, Frantzia naziek okupatuta zegoenekoa.Borondate Ona
Nazien gerrikoa
Dokumentazioa gutxi balitz, erresistentzia frantsesean parte hartu izanaren «froga fisiko» bat ere badute Borondate Onakoek, Likiniano eta Hernaezen senideen eskuetatik jasotakoa, taldeko kideak azaldu duenez: «Aberasturik Chiapuso, Felix eta Kasilda elkarrizketatu zituen bere garaian. Kasilda ez zen gauza asko kontatzekoa eta paparra ateratzekoa, baina Aberasturik galdetu zion ea ez zuten parte hartze zuzenik izan erresistentzia frantsesean, eta Kasildak anekdota bat kontatu zion: egun batean, patruila nazi batekin topo egin zutela, eta beraiekin topo egin ondoren, patruila hori dagoeneko ez zegoela, ‘desagertu’ egin zela. Bada, guk daukagu eurek gordetako nazi haietako baten gerrikoko belarria, zehazki, Lufwaffe taldekoa. Aberasturik flipatu egin zuen kontatu nionean».
Horrela, Borondate Onakoek nabarmendu dutenez, «argi ikusten da Felixen, Eduardoren eta Kasildaren ibilbidea, lekukotzekin, dokumentuekin eta froga fisiko horrekin». Era berean, euren borroka nekaezina goraipatu du: «Errekonozimendu osoa merezi dute. Faxismoaren eta arrazakeriaren gorakada bizitzen ari garen honetan, borroka haiek gogoratu, aitortu eta merezi duten tokian jarri behar dira. Zor handia daukagu belaunaldi horrekin».