Gaur gauean hasiko dute ramadana 5.000 donostiar inguruk

Gaur gauean hasiko da ramadana, musulmanen hilabete sakratua. Donostiar askorentzat ezezaguna den arren, 5.000 inguru dira egunotan baraualdira animatzen diren donostiarrak.
Islamak hala aginduta, eguzkiak irauten duen orduetan, osasuntsu dauden musulmanek ezin dute jan, ez edan, ez erre, ez sexu harremanik izan. Eta urte osoan musulman ona izan dena, “are musulman hobea” izan behar da hilabete honetan zehar. Ezjakintasunez beteta dago euskaldun askorentzat ramadana, eta zer esanik ez, islama. Gaia lantzeko, eta Donostiako musulmanen errealitatea hobeto ezagutzeko, erreportajea egin genuen iaz.
Islama Donostian
Oso zaila da musulmanen komunitatea zenbatzea, izan ere, gaur egun ez dago errolda erlijioso fidagarririk. Berdin kristauekin. Berez, kristau gisa kontabilizatu direlako orain arte bertan jaiotakoak.
Edonola ere, Ikuspegik Euskadiko Erlijioen Mapa egina du. EAEko erlijio aniztasunari buruzko informazioa jasotzen da bertan, herriaren erlijio atxikipenari dagokionez. Horretarako, atxikipen erlijiosoaren kasuan, kalkulu estatikoa egin da, Pew Research Centerrek eta CIA Factbooks 2018k emandako datuetatik abiatuta, eta, horrela, munduko atxikipen erlijiosoen zerrenda egin dute, Euskal Autonomia Erkidegoan bizi den populazioaren jatorria kontuan hartuta, ehunekoak aplikatuta.
Datu horiek, beraz, ez dira erabat fidelak, baina dauden bakarrak dira. Hitz egin dugun musulmanen ustez, islamaren kasuan gehiago dira, gainera: «Asko joan-etorrian daude, asko ez dira meskitara joaten; meskitan geundenenean, hilabetean 5-10 lagunek besarkatzen zuten islama: bertakoak eta latinoamerikarrak, gehien bat».
Datu horien arabera, Donostian 126.556 katoliko daude (%67,8), 44.250 sinesgabe (%23,71), 5.540 musulman (%2,97), 2.885 ebanjeliko (%1,55), 1.307 ortodoxo (%0,7), 250 budista %0,13 eta 425 beste erlijio batzuetakoak (%0,23).
Atzerritarrei dagokienean, Donostian 19.774 pertsona jaio dira beste herrialde batean (%10,59). Horietatik, 9.399 katolikoak dira (atzerritarren %47,53), 2.885 ebanjelikoak (%14,59), 2.527 sinesgabeak (%12,78), 2.035 musulmanak (%10,29), 1.307 ortodoxoak (%6,61), 425 beste erlijioetakoak (% 2,51) eta 250 budistak (%1,26).