«Nire jendeak badu bigarren etxe bat hemen: Mapenda»
Dakar eta Donostia, Senegal eta Euskal Herria. Lat Mbaye eta Julia Aramendik osatutako bikoteak Mapenda jatetxea ireki du Grosen. Senegalgo plater zaporetsuak ekartzeaz gain, badute beste espezialitate bat: komunitatearentzat topaleku bihurtu da.

Madrilen ezagutu zuten elkar Julia Aramendi donostiarrak eta Lat Mbaye dakartarrak, duela sei urte inguru. Hogei urte zeraman Mbayek bertan lanean ordurako. Hain zuzen, elkar ezagutu zuten tabernaren ondoan ireki zuten haien lehenengo taberna: Madrilgo Mapenda.
Baina hori ez da jatetxe bat: festarako taberna bat da. «Pandemia betean ireki genuen, Lat tabernaria zen eta ez zuen lanik, eta horrelako espazio baten falta zegoela eta», azaldu du Aramendik. «Madrilgo lehenengo taberna afroa izan da, eta, oraingoz, bakarra». Badira, noski, jatetxe eta bestelako dendak, baina tabernarik ez.
Afrobeat, dancehall, reggae… musika afroa erdigunean jartzen duen taberna da Mapenda. «Lavapiesen bizi ginen, afro-ondorengo mordoa dagoen auzoa da, eta ez zegoen afrobeata entzuteko lekurik. Rocka bai, rocka nahi adina, baina niri ez zait gustatzen!», dio Aramendik, barrez. «Tarteka, lagun pakistandar baten lokalean jartzen genuen gure musika gustukoena, telebista batean. Eta horrekin jada nekatuta geundela, erabaki genuen irekitzea lokala».
Pandemia osteko giroan abiatu zen arren, izugarrizko arrakasta lortu zuten berehala: «Jende ilara izugarriak izaten ziren!».
Mapenda, maitasuna
Lat Mbayeren aitaren izena da Mapenda. Aramendik onartzen du asko kostatu zitzaiola Mbaye konbenzitzea: «Nik Iñaki jarri izan banu bezala da. Apur bat arraroa, ezta? Baina mapenda-k maitasuna esan nahi du swahiliz, eta benetan ederra iruditzen zait».
Alaba jaiotzean hartu zuten Donostiara itzultzeko erabakia. Tira, Donostiara ez, Lasarte-Orian bizi dira orain, Donostian «ezinezkoa» izan zaielako etxea topatzea. «Madril oso leku dibertigarria da gaztea zarenean, gaua maite duzunean, baina haur batentzako ez da egokiena. Dibertigarria zena, arriskutsua bihurtzen da gauetik egunera».
Oraingoz, pozik daude Donostiara etorri izanarekin, neurri txikira egindako hiria delako. Mbayerentzat zer esanik ez. Bi metropoli erraldoietan bizi izan baita lehenik: lau milioi lagun bizi diren Dakarren eta hiru milioitik gora bizi diren Madrilen.
Zergatik ireki zuten Donostian jatetxea? Aramendik erantzun du, barrez: «Nire senarrak ezin du egon janari senegaldarra ez dagoen toki batean. Eta hemen ez zegoenez, guk sortu dugu».
Senegalgo zaporea Grosen
Jatetxea ireki zutenetik jende mordoa pasatu da, baina, batez ere, senegaldarrak dira ohiko bezeroak: «Pentsa, zu Txinan bizi zarela, ez dakit zenbat urte, eta egun batean jatetxe euskaldun bat irekitzen dutela zure etxe azpian. Egunero joango zinateke!», diote.
Eta esaten dutena geure begiekin ikusi dugu. 12:30ean irekitzen duten arren, 12:00etan egin dugu hitzordua guk, eta, gurekin batera, heldu dira hainbat senegaldar, nagusiak agurtzera, hitz egitera eta zerbait hartzera. «Nik ez nuen senegaldarrik ezagutzen Donostian», aitortu du Mbayek: «Baina jatetxea ireki, eta lehenengo ordu erdian hau bete egin zen herrikidez».
«Asko etortzen ginen lehen, Juliaren familiari bisita egitera, eta galdera bera egiten nion: non elkartzen dira senegaldarrak? Orain ulertu dut: orain arte kalean topatzen zuten elkar, gauean eta abar. Orain, bai, elkargunea dute».
Dakar-Milan-Madril-Donostia
Anaia txikiarekin irten zen Dakarretik duela 20 urte Mbaye. Milanera joan ziren hegazkinez, osaba bat bertan zutelako. «Ni pertsona kuriosoa naizenez, bidaiatzen jarraitu nuen, Europa ezagutu nahi nuelako», azaldu du. Frantzian ibili zen, baina bertan egoera «gogor» jartzen hasi zela eta, Espainiara joan zen, Madrilera.
«Malagara joan nintzen lanera, lagun batek gomendatuta, baina hor ere oso egoera zaila bizi behar izan nuen, eta azkenean Madrilera buelta, anaiarekin. Eta han geratu naiz orain dela urtebete arte», azaldu du Mbayek.
Mbayeren familiak ez zuen arazo ekonomiko handirik, eta gogoratzen du kontrastea handia zela Europara etortzean. «Egunero janaria platerean edukitzetik, bat-batean, ezer ez edukitzera! Europara etortzea oso zaila da: zerotik hasi behar duzu», dio, apur bat serio jarriz.
Migratzaile izatearen inguruan hausnarketa egiten du Mbayek: «Ez dakizu hizkuntza, ez dakizkizu legeak, ez dakizkizu ohiturak… Uste baino askoz gehiago kostatzen da». Adibide sinple bat jarri du: «Ostia, kabroia, putakumea, eta horrelako hitzak esateak ez du, normalean, esanahi berezirik, baina guretzat, hasieran, oso gogorra egiten da. Denborarekin konturatzen zara kodea besterik ez dela, eta ez duzula gaizki hartu behar».
«Denborarekin ja haietako bat bihurtzen zara», dio, barrez: «Nik nabaritzen dut, bai, aldatu naizela. Senegalera itzultzerakoan, hemengoa banintz bezala tratatzen naute: ‘Zu beltza zara, baina ez zara hemengoa’, esaten didate. Eta hemen, ere, ez naiz hemengoa. Batzuetan, nekagarria da: Joder, gizakia naiz», dio, umorea galdu gabe.
Senegaldarrak Donostian
Mbayeri iruditzen zaio donostiarrek asko bidaiatzen dutela, eta, beraz, jende askok ezagutzen duela Afrika eta Senegal. «Kultura eta janaria, noski». Euskal Herriaren eta Senegalen arteko «konexio» handia dagoela sumatzen du bikoteak.
Onartu dutenez, Donostiako senegaldar komunitatea ez da «bereziki handia», baina «batzuk badirela» dio. Kontuan izan behar da Donostia bizitzeko ia ezinezkoa den hiri bat dela, eta inguruko herrietara joaten dela jende asko, nahiz eta hemen lan egin.
Madrilekin alderatuta, hemen garestiagoa den arren, baldintza hobeagoak dituztela diote: «Madrilen paperik gabe lan prekario mordoa lortzen da, eta hemen hori ez da horren erraza, akaso. Baina behin iritsita, baldintza hobeak direla». Mbayek uste du Madrilen «bakoitza bere kasa» doala: «Hemen ezberdina da».
Topalekua izatea garrantzitsua da. Ireki eta biharamunean Gipuzkoa osotik etortzen ziren senegaldarrak: «Esan didate hemen badela jatetxe bat, ezagutzera nator».
Madrilen ireki zuten tabernarekin antzeko sentipenak dituzte: «Inoiz pentsatu izan dugunean itxiko genuela, bezeroetan pentsatu eta zalantza egiten dut: mutil hau etxean sentitzen da hemen, eta ez du beste tokirik». Itxiz gero, «bigarren etxea» galduko dutenaren beldurra dute.
Hemen ere, inor ezagutu gabe, izugarrizko komunitatea ari da sortzen, hasiera-hasieratik: «Oporretara joan ginen udan, eta esan zidaten: zu nahi duzun tokira joan zaitez, baina ez itxi jatetxea», diote barrezka.
Etxe sentimendu bat sortzen du Mapendak, baina agerian uzten du, nolabait, gainontzeko toki asko arrotzak zaizkiela askori: «Mapenda itxita, hiritik buelta bat eman eta ez nuen egoteko tokirik topatzen, eta etxera itzultzen nintzen», kontatzen zion bezero senegaldar batek Mbayeri. Erdi serio erdi txantxetan, «erantzukizuna» sentitzen dutela diote, orain, senegaldar komunitatearen «zutabe» bat direlako.
«Nire jendeak badu bigarren etxe bat hemen: elkargunea bihurtu da, beste norabait joateko ere, lehenik Mapendan geratzen dira», dio harrotasunez Mbayek.
Hurrengo urratsa? «Mapenda benetakoa izateko, musika jartzeko aukera izan behar dugu. Akaso apur bat handituz gero terraza edo… Festa pixka bat gehiago falta zaio honi!», diote barrez.
Dabadaban antolatzen dira Afrofest jaiak, «egon izan gara, eta Mapendaren giroa hori bera zen. Dabadaban, den-denak beltzak! Hori ez da batere ohikoa! Baina guretzat giroa gazteegia da», diote barrez.
Kontziente dira afro komunitate indartsua dagoela hirian: «Kamerundarrak, gabondarrak, senegaldarrak… denontzako toki bat eraiki nahi dugu, denon artean». •
Mapendaren oinarria da Houleye Niang sukaldariaren lana. «Gure karta xumea den arren, denetarik dugu». Senegalgo platerak ezagutzen dituenak badaki zer topatuko duen: thieboudienne, thiebou yapp, yassa, eta, noski: maffea.
Mapendako janariak bi sekretu dituela kontatu dute: denbora eta maitasuna. «Niangek mimo handiz prestatzen du plater bakoitza, eta, batzuetan, hiru ordu egoten da plater bakarra prestatzeko». Espezia asko eta marinatu indartsuak dira, zapore asko eta pikante asko duten platerak.
Senegalen bazkaltzeko unea partekatzeko une bat da. «Denok elkarrekin jaten dugu, eta berandu bazatoz, denok itxarongo dugu zu iritsi arte», kontatu du Mbayek. «Etortzen den jende guztia ongietorria da, askotan bazkalorduan, ezezagunak agertzen dira etxera eta ongietorriak dira ere».
Aramendik dioenez, «Euskadin kolektibozaleak garela uste dugu, agian Europako beste herrialde batzuekin alderatuta, baina Afrikar herrialdeekin asko dugu ikasteko». Senegal adibide on bat dela dio aramendik: «Platera bera partekatzea, ze gauza ederra den!». Bestela, hemen, «bakoitza bere platerarekin, bere tuperrarekin, ordenagailu aurrean…».
Elikadura politikek ez dute mundua aldatuko. Baina akaso, erakutsiko digute mundu osoarengandik ikasi dezakegula guk geuk ere. •