Tradizioa mailu bat da (IV)

Urteroko kopla: udaberriari deitu egin behar zaio, ala bakarrik etorriko da, gu ez gaudenean ere? Eskolan barre nahikotxo egiten zioten irakasleek erlijio animistei, izaki magikoak ikusten zituztela eta, euriaren dantza egiten zutela eta. Ezjakintasunaren katea suntsitzeko etorri zen modernitatea, eta ezjakintasuna arrazoiz margotu eta urrezko kateekin lotu gintuzten, suntsipena bihurtuz gurtu beharreko Jainko bakarra.
Dena salgai bihurtzen duen sisteman, ikuskizunaren gizartera kondenatuta gaudela zioen Debordek: «Ikuskizuna ez da irudi multzo bat, baizik eta irudien bidez baldintzatutako pertsonen arteko harreman sozial bat».
Hau da, ezin dela hartu handik eta hemendik kultura zati bat eta bihurtu industria kultural kapitalistarako erregai, eta horrekin erre basoak, asko jota ere pinuak landatzeko berriro. Oteizak zioen poetaren benetako funtzioa ez zela bertsoak idaztea, mitoak sortzea baizik. Mitoak behar ditugula, alegia, eta ez timoak.
Orduan, udaberria etor daitekeela, bai, baina mundu berria eraiki behar dela eta Durrutik bihotzean zuela, baina guk egunero ikusten dugula urruntzen eta urruntzen. Hau da: udaberria gu geu garela ere, eta, hain zuzen horregatik, deitu egin behar zaiola