20.000 kilo janari eta materiala bidali du Zaporeak-ek Lesbosera
Dohaintzei esker, elikagaiez gain, lau garbigailu, hiru lehorgailu eta jasogailu mekaniko bat helarazi dituzte errefuxiatu kanpalekura.

Lesbosera (Grezia) bidalketa berri bat egin duela ezagutarazi du Zaporeak proiektuak. Idatzi batean jakinarazi dutenez, janariaz gain, oraingoan, bertako errefuxiatu kanpalekuan bizi direnen baldintzak erraztu eta egitasmoko langileen lana arinduko duten materiala ere helarazi diete.
Bertan bizi direnekin lan egiten duten egitasmoko boluntarioek egunean 2.500 anoa janari prestatzen dituzte, eta herritarren elkartasunari esker, xede horretara bideratuko dituzten 20.000 kilo elikagai jaso dituzte. Horrez gain, Amaia Urberuagak dohaintzan emandako hiru lehorgailu eta lau garbigailu ere bidali dituzte, kanpalekuetan bizi direnek errazago izan dezaten beraien arropa garbitzea eta beren bizi baldintzak pixka bat hobetzeko. Halaber, Orozkoko (Bizkaia) Seyce enpresak jasogailu mekaniko bat eman dio proiektuari, janari paletak eta kaxa handiak errazago mugitzeko baliatuko dute.
Oharrean azaldu dutenez, asilo eske “jendetza” iristen da Lesbosera eta “jada 4.000 baino gehiago dira plastikozko karpa eta bloketan nekez bizi direnak”. Egoera “jasangaitza” dela salatu dute gehienek hilabeteak edota urteak daramatzatelako egoera ez duinetan.