Bi emakume atxilotu dituzte lizentziarik gabe ebakuntza estetikoak egiteagatik
Pisu turistiko batean aurrera eramaten zituzten ebakuntzak, osasun publikoaren aurkako ustezko delitua eta lan intrusismoa leporatu diete.

Ertzaintzak 39 eta 40 urteko bi emakume atxilotu zituen ostegunean Donostian lan intrusismoa eta osasun publikoaren aurkako delitua leporatuta. Atxilotuek medikuntza estetikoko ebakuntzak egiten zituzten ezkutuan erdiguneko pisu turistiko batean.
Gipuzkoako Sendagileen Elkargoak lan intrusismoagatik salaketa jarri zuen, bi atxilotuak legediarekin bat ez zetozen tratamendu mediko estetikoen publizitatea egiten ari zirelako sare sozialen bidez. Indarrean dagoen legediaren arabera, tratamendu estetikoak medikuek bakarrik egin ditzakete baimendutako zentroetan, eta erabilitako produktuek bai Estatuan bai Europan indarrean dagoen osasun produktuei buruzko araudia bete behar dute.
Ertzaintzak aurrera eramandako ikerketan egiaztatu zuen tratamendu estetikoak erdiguneko etxebizitza turistiko batean gauzatzen zituztela, baimendutako zentro batean beharrean. Halaber, atxilotuek euren burua mediku gisa aurkezten zuten, nahiz eta horretarako tratamenduak egin ahal izateko agiri ofizialik ez akreditatu; eta erabilitako materialek ez zuten legezko araudia betetzen, artatuen osasuna arrisku larrian jarriz.
Hortaz, ostegun arratsaldean bi emakumeak atxilotu zituzten ertzainek, eta ostatu hartuta zeuden etxean egindako miaketan, Europako araudiarekin homologatu gabeko produktuak eta egindako ebakuntzekin eskuratutako 7.000 eurotik gora konfiskatu zituzten.