Egiako Azoka Txikia «arriskuan» dagoela salatu dute, saltzaileen ibilgailuak plazara sartu ezin izateagatik
Donostiako Udalak azaldu duenez, aste honetan plazan aparkatu ahalko dute, baina "ingurune hori ordenatzeko neurriak" hartuko dituzte datozen asteetan. Egiako Azoka Txikiak dio "traba gaindiezina" izan daitekeela.

Donostiako Udaleko Mugikortasun Sailak Egiako Azoka Txikiko saltzaileei euren ibilgailuak Iruresoro plazan ez aparkatzeko “eskatu” die, plazaren atzealdeko aparkalekuan baizik,”gune publikoaren beste erabiltzaileei eragozpenik sortu ez diezaieten, eta horien segurtasuna bermatzeko” helburuarekin, udaleko iturriek hedabide honi azaldu diotenez. Gaineratu dutenez, aste honetako azokan azokan plazan aparkatzen jarraituko ahalko dute, baina “datozen asteetan ingurune hori ordenatzako neurriak hartu beharko dira”. Udalak ez du azoka bertan behera uzteko asmorik agertu, baina Egiako Azoka Txikiko antolatzaileen arabera, ibilgailuak plazan sartu ezin izateak azoka “arriskuan” jartzen du.
Hain zuzen ere, nabarmendu dutenez, saltzaileen ibilgailuak plazara sartu ezin izatea “traba gaindiezina” izan daiteke azokarentzat: “Igeldoko esneak eta Larreta esnekiak ibilgailutik egin behar izaten dute salmenta, hotzaren katea ez eteteko. Beste ekoizleentzako ere (Eguzkileire, Soroenea, Argaia-Goena…) ibilgailua bertan izatea izugarrizko laguntza da, bestela, deskargatu, muntatu, aparkatu, desmuntatu, autoaren bila joan eta kargatu egin beharko lukete ordu eta erdirako. Erabaki honek azokaren bukaera ekar dezake, ez bailitzateke bideragarria izango ekoizleentzat”.
Bost urte
Egiako Azoka Txikiak ia bost urte daramatza funtzionamenduan, 2020ko udatik. Astelehenero egiten dute ordutik, 18:00etatik 19:30era, Iruresoro plazan (Plaza Berri izenez ezaguna auzoan). Egiatar askok erosketak bertan egiten ditugu. Azoka formatu berri honek oso balorazio positiboa du parte hartzaileen partetik. Egoera zaila igarotzen ari den lehen sektoreko ekoizleentzat aterabide duina da”, nabarmendu dute antolatzaileek.
Gaineratu dutenez, asko dira azoka horren onurak auzoan: “Egiatar kontsumitzaileentzat, bertako eta kalitatezko produktuak erosteko aukera da. Bertan sortzen den harremana salerosketa soila baino gehiago dela esan dezakegu. Alde batetik, ekoizlearen errealitatea ezagutzen da, lana aitortzen zaio, eta bestetik, kontsumitzailearen nahiak, ohiturak eta balorazioak jasotzen dira. Auzoarentzat ere eragin positiboa du. Kaleko bizitza eta pertsonen arteko harremanen pobretzeak kezkatzen gaituzten garai hauetan, erabilera gutxi zuen plaza bati bizitza berri bat eman zaio”.
Egiako Azoka Txikia “galtzea atzerapausoa litzateke ekoizleentzat, egiatarrentzat, auzoarentzat eta jendartearentzat, oro har”, salatu dute. Horregatik, eskaera zehatza egin diote: “Ez ditzala trabak jarri; kontrara, lagun diezagula proiektu aberasgarri hau aurrera eramaten”. Era berean, aferaren inguruko esku orriak banatuko dituzte gaurko azokan.