Zinemaldiak eta Elias Kerejeta Zine Eskolak Jose Angel Herrero-Velarde bekak antolatu dituzte hirugarrenez
Eskaerak ostiraletik apirilaren 22ra arte egin ahal izango dira. Hiru onuradunek 3.500 euroko beka bana jasoko dute eta bi astez Zinemaldiko artxibora sarbidea izango dute, beren ikerketa lana idatzi ahal izateko.

Donostiako Zinemaldiak eta Elias Kerejeta Zine Eskolak Jose Angel Herrero-Velarde bekak antolatu dituzte hirugarrenez, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura departamentuaren babesarekin. Hiru lagunek 3.500 euroko beka bana jasoko dute Zinemaldiaren artxibo historikoa aztertzeko, eta hura iturri nagusitzat hartuta, 6.000 eta 10.000 hitz arteko testu argitaragabeak sortu beharko dituzte, “jaialdiaren iragana berrikusi eta haren orainaren eta etorkizunaren arteko etengabeko elkarrizketari bide emateko”. Lanak zortzi hilabeteko epean amaitu beharko dituzte, hautaketa egunetik hasita, eta, gehienez, bi hilabeteko luzapena eskatzeko aukera izango dute.
Gipuzkoan jaio diren edota bizi diren pertsonek parte har dezakete, baita Estatuko gainerako lekuetan jaio edo bizi direnek (gutxienez bi urtez) ere. Ostiraletik, hilak 7, apirilak 22ra arte aurkez ditzakete proposamenak: Gaia, metodologia eta ikerketa iturriak adierazi beharko dituzte, eta asmo gutun bat eta curriculum vitaea atxiki. Eskaerak Zinemaldiaren artxiboaren webguneko plataforman aurkeztu behar dituzte, bertan daude ere deialdiaren oinarri eta xehetasunak.
Hautagaiak ebaluatzeko eta hautatzeko ardura Zinemaldiko eta Elias Kerejeta Zine Eskolako profesionalek osatutako batzorde batek izango du. Aukeratutako hiru proiektuak maiatzean jakinaraziko dituzte. Egonaldia, berriz, uztailaren 7tik 18ra bitartean aurrera eramango dute. Artxibora sartzeko bi asteetan, kontsulta-egunei dagozkien dietak ordainduko dizkiete, eta Gipuzkoan bizi ez diren onuradunei baita bidaia eta ostatua ere.
Programan parte hartzen duten erakundeek osatutako batzorde batek gainbegiratuko ditu lanak, Zinemaldiak, berriz, horiek argitaratzeko laguntza emango du, eta bitartekari gisa jardungo du ikertzaileen eta proiektuak editatzeko eta argitaratzeko interesa izan dezaketen argitaletxe edo aldizkari prestigiotsuen artean.