Martxoaren 15ean hasiko da Altzako 25. Bertso Aroa

Zenbaki polita eta borobila du aurtengo Altzako Bertso Aroak. Izan ere, 25. edizioa antolatu dute Altzania kultur elkarteak, Bizarrain euskara elkarteak eta Altzako bertsozaleek. Martxoaren 15etik azaroaren 8ra bitarteko egitarau interesgarria prestatu dute.
Hilaren 15ean, bertso bazkaria egingo dute Herrera kultur elkartean, 14:00etan. Uxue Alberdi eta Jon Maia bertsolariak ariko dira kantuan, eta Joseba Alkiza izango da gai jartzailea.
Ekainaren 8an, ohiko bertso jaialdia egingo dute Arriaga parkean, 18:00etan. Lau bertsolarik parte hartuko dute: Aner Peritz, Maider Arregi, Andoni Rekondo eta Miren Artetxe. Aldiz, Amaia Agirre izango da gai jartzailea. Egun horretan, Altzako haur, gazte eta helduen XV. Arantza Hernandez Ezeiza bertsopaper lehiaketaren sari banaketa egingo dute.
Irailaren 26an, Lokatz Loreak sormen taldearen Itzal(iko) bagina antzezlana ikusi ahal izango da Larratxo Kultur Etxean, 19:00etan. Bertsoa oinarritzat duen antzerki ikuskizuna da, eta hiru neska ditu protagonista: Araitz Katarain, Izaro Bilbao eta Janire Arrizabalaga.
Urriaren 17an, bertso saio literarioa egingo dute Tomasene Kultur Etxean, 19:00etan. Miren Amurizak, Mari Luz Estebanek eta Maialen Lujanbiok parte hartuko dute.
Azkenik, azaroaren 8an, bertso bazkaria antolatu dute Altzania kultur elkartean, 14:00etan. Beñat Gaztelumendi eta Oihana Iguaran bertsolariak ariko dira kantuan, eta Aitor Odriozola izango da gai jartzailea.