Donostiako Multiverse Computing enpresan 67 milioi euro inbertituko ditu Espainiako Gobernuak
Adimen Artifizialeko modeloen konpresioa egiten du enpresak, diru eta energia kostuak nabarmen murriztuz.

Oscar Lopezek, Eraldaketa Digitalerako eta Funtzio Publikorako Espainako ministroak, deklarazio garrantzitsua egin zuen atzo Bartzelonako Mobile World Congressen: Espainiako gobernuak 67 milioi euroko inbertsioa egin du Donostiako Multiverse Computing startupean.
Multiverse Computing enpresak Donostian, Toronton, Munichen, Parisen eta Londresen ditu egoitzak, eta “modeloak ulertuz adimen artifiziala iraultzea” du helburu. Beren produktuak gai dira hizkuntza eredu handiak jatorrizko tamainaren %10ean konprimatzeko, horrek dakartzan kostuen eta energiaren murrizketa nabarmenarekin.
Bere produktu nagusia CompactifAI da, “AA modeloen konpresorea”, AA sistema azkarragoak, merkeagoak eta eraginkorragoak lortzeko aukera ematen duena. Bere datuen arabera, Llama 3.1 405B bezalako modelo batek 390.000 dolarreko kostu operatiboa du (13 GPUs H100, 9100 W kontsumoa), baina CompactifAIri esker, kostu hori 60.000 dolarrera murriztu daiteke (2 GPUs H100, 1.400 W).
Lopezek iragarri duenez, Espainiako Gobernua akziodun gisa sartuko da Multiverse Computingen, Eraldaketa Teknologikorako Espainiako Sozietatearen (SETT) bitartez. 2024an, DigitalEuropek, Europan eraldaketa prozesuan dauden industrien patronalak, etorkizuneko europar “adarbakar” gisa aitortu zuen enpresa. LinkedInen arabera, Espainian hazten ari den enpresa oparoenetako bat da, eta inbertsio hori etorkizun horren aldeko apustua da.