Sardina erre dute inauterien hondarrean
Mozorroak gorde eta datorren urtera arte esan diote Momo jainkoari ohiko hileta festarekin. Sardinaren ehorzketaren segizioak partaide eta ikusle ugari bildu ditu Erdialdeko kaleetan barrena egindako bidean.

Hileta festaz edo jaia entierroz mozorrotu den zaila izaten da ebazten Sardinaren ehorzketan. Arraintxoaren amaiera argia da hasi aurretik, suaren beroan kiskali eta errauts bilakatzea, Errauts Egunean kopeta askotan penitentzia gurutzeak marrazteko adina; baina segizioaren kale jirak nahastu egiten ditu elementuak: negarretik algarara, festatik penara. Momori hurrengo urtera arte esan beharra atsekabea bada ere, inauterien izpiritua azken unera arte mantendu du astearte iluntzeko despedidak.
Bilbo plazatik abiatuta, Alderdi Ederrera bidea egin du hileta kalejiran. Ez da inor falta. Buruan, desfileari erritmoa jarri dion danbor talde bat, beltzez jantzita. Atzetik, Momotxorro bat, bi zankaluze-ahuntz, bi aker, nekazariak eta sorginak. Mexikoko heriotzaren iruditeri koloretsua Catrin eta Catrinak ekarri dute, eta ondoren, Momo jaikoa eta kideak, aingeruak, deabruak, mojak… eta hainbat konpartsetako kideak. Azkena, nola ez, protagonista. Guztiei musika Joselontxos eta Pasai txarangek jarri diete Raimundo Sarriegik jai honetarako sortutako Sardinaren ehorzketa-martxa erdi serioa (1886) joaz. Bidearen alde bietan batu direnak ere ez dira gutxi izan, eta zenbaitek, argazki eta bideoez gain, sorginek banatutako goxokiren bat ere jaso dute.
Alderdi Ederrera iristean, biribil handi bat osatu dute partaide guztiek eta haren erdian jarri dute sardina. Baten batek muturra hazia ikusi dio eta “ezpainetan botoxa jarri” duela esan dio ondokoari. Barreak azkar eten zaizkie, ezustean deabruek arraintxoa lapurtzeko ahalegina egin baitute. Baga biga ozen entzuten zela, hura inguratu eta dantza moduko bat egin dute. Eskerrak aingeruek geldiarazi dituzten, elkarri eskutik heldu eta arraina babestu dute. Egoera baretu denean, ohikoari heldu ahal izan diote: Apaizak hisopoarekin bedeinkatu du sardina eta Hodei San Buenaventurak gorpuztutako Momok jainkoak su eman dio, ingurukoen negar zotin ozenen artean.
Sardinarenak egin du. Erre artean, su artifizialak bota dituzte, eta Sarriegiren Sardinaren ehorzketako valsa dantzatuta, agur esan diote mozorro artean egun batzuez beste norbait eta bakoitzak nahi duena izateari. Lasai, Momok datorren urtean bueltatuko dela hitza eman du. Eta pena arintzeko, asteburuan, besteak beste, desfilea egingo dute Antiguan, Amara Berrin eta Loiolako Erriberan; eta Eltze Festa Altzan.






























































