Anari, Bulego, Jamie Cullum eta Crystal Murray, Jazzaldiko hondartzako kontzertuetan
Uztailaren 23tik 26ra, Keler gunean joko dute ere, The War and Treaty, EXTC, Judith Hill eta Sidonie ere.

60. Jazzaldiko Keler guneko doako zortzi kontzertuak aurkeztu dituzte goizean. Uztailaren 23tik 26ra, asteazkenetik larunbatera, aurrera eramango dituzte; aurten ere, euskarazko bi talde ariko dira: Anari eta Bulego. Horiekin batera, Jamie Cullum, Crystal Murray, The War and Treaty, EXTC, Judith Hill eta Sidonie. Jazz, rock, soul, country, blues, pop eta R&B doinuak entzungo dira hondartzako emanaldiak, horiek izan ohi baitira “heterogeneo eta jendetsuenak”. Hala azaldu du jaialdiko zuzendari Miguel Martinek goizean egindako aurkezpenean. Ondoan izan du, Kultura zinegotzi Jon Insausti eta Keler-eko ardurarun Miriam Echarri.
Cullum, hamar urte geroago
Hamasei urte beteko dituen “jaialdi ireki baten gune irekienak” izango duen eskaintzaren berri eman du Martinek, egunez egun bertan ariko diren musikariei buruzko zertzeladak emanez. Protagonista nagusia Jamie Cullum izango da. Eszenariora irteten lehena izango da. Hamar urte geroago bueltatuko da Zurriolako hareatzara eta “milaka lagunek” gunea beteko dutela uste dute. Bezperan, Kursaaleko auditorioan emango duen kontzertuko sarrerak ia agortuta daude, “20-30” geldituko dira. Bere saioaren ondoren, The War and Treaty bikotearen “emanaldi ikusgarria” izango da. Donostian lehen aldiz joko dute Trotter senar-emazteek, gospel eta country fusioa egiten dute eta hirutan Grammy sarietarako izendatu dituzte.
Bigarren egunean, Anari eta EXTC taldearen txanda izango da. Musikari azkoitiarraren emanaldiak “ilusio handia” eragiten diola onartu du Martinek, nahiz eta askorentzat “ezustekoa” izango den. Aitortu du Anari bera harritu egin zuela proposamenak eta agertoki jendetsu horretan aritzea “erronka” dela berarentzat. Edonola, Jazzaldiko zuzendariaren esanetan,”erronka horri eta beste askori” aurre egin diezaieke. Horren ondoren, XTC taldearen oinordeko den EXTC taldeak zuzenekoa egingo du. 1990eko hamarkadako pop talde arrakastatsuaren bateria jole Terry Chambersek haien errepertorioa ekarriko du Keler gunera.
Ekuatorea pasata, hirugarren gauean, munduko izar handi bihurtzeko bidean dauden bi emakume gazte ariko dira: Judith Hill musikagile estatubatuarra eta Crystal Murray frantsesa. Lehenak Ahots ahalmentsuagatik eta soul, funk, jazz, rock eta R&B generoetan erakusten duen moldakortasunagatik da ezaguna. Murray, aldiz, “jarraitzeko moduakoa da”. David Murray saxofoi jotzailearen alaba, “izaera handiko musikaria da, gazte publikoari bideratutako musika egiten du”.
Azken eguneko bi emanaldiek adin guztietako publikoa dute jomugan. Bulego, “oso Keler guneko” taldea, eta Sidonie ariko dira agurrekoan.
Jazzaldiaren “bertuteak”
Kultura zinegotzi Jon Insaustik nabarmendu du boladako daudela jaialdiak eta ugaritzen ari diren garaiotan, 60 urte betetzen dituen Jazzaldia dela “errege-erregina”. Gainera, besteen eredua iraultzen duten “bertuteak” zerrendatu ditu: hiri guztian zabalduta egotea, herritarrak kontuan hartzea, “doakoa eta denei irekia” baita; eta paisaia eta musika uztartzea. Insaustiren ustez, horiek dira 60 urtez “biziraun” eta aurrera jarraitzeko gakoak, eta herritarrak urteurren borobila ospatzera gonbidatu ditu: “Jamie Cullumen unibertsoan sartuta, Anariren malenkonia, pentsaera eta galderekin, edota Bulegoren salto eta dantzetan bueltaka”.
Keler-eko arduradunak ere ildo beretik jo du eta babesle gisa bost urte beteko diren urtean, ospatzera deitu ditu herritarrak.
EGITARAUA
Uztailak 23
- Jamie Cullum, 20:45ean
- The War and The Treaty, 23:30ean
Uztailak 24
- Anari, 21:00etan
- EXTC, 23:30ean
Uztailak 25
- Judith Hill, 21:00etan.
- Crystal Murray, 23:30ean.
Uztailak 26
- Bulego, 21:00etan.
- Sidonie, 23:30ean.