EH Bilduk udal gobernua interpelatuko du, Zmareren aferaren harira

Gipuzkoako Kostalderako Probintzia Zerbitzuak espedientea ireki dio Donostiako Udalari, Zurriola pasealekuko Zmare jatetxeak erabiltzeko baldintzak “ez betetzeagatik”, eta 580.000 euro baino gehixeago eskatu dizkio, “etekin ekonomikoak handitzeko” bezero gehiago lortzeko azalera handitzeko aukera eman izanagatik. Horren harira, EH Bilduko zinegotzi Ricardo Burutaranek prentsaurrekoa eskaini du ostegun goizean udaletxean, eta iragarri du udal gobernua interpelatuko dutela afera horren nondik norakoak argitzeko. Datorren asteleheneko udal batzordeetarako erregistratu dute interpelazioa, “argitu dezan udal gobernu honek zer dela eta beste administrazio batek antzeman dituen irregulartasunak”.
Burutaranek azaldu du, zehazki, “bederatzi ez-betetzerengatik” ireki diotela espedientea udalari: “Kasu askotan, ez-betetze horiek guztiz egiaztagarriak dira, gutxieneko kontrol batekin. Adibidez, kanpoko terrazaren azalerak 214,37 metro koadro hartzen ditu, baimendutako 120 metro koadroen ordez. Ostalaritzara bideratutako eraikin itxiaren azaleran ere gehiegizko okupazioa egiaztatu da; izan ere, 150 metro koadro horiek okupatu beharrean, 339,66 metro koadro okupatzen ditu, eta 374 metro koadro da, sotoko solairuan ostalaritza-¡ erabilerako biltegia jartzeko baimenik gabeko obrak egitea gehituz gero”. “Deigarria da ostalaritza negozioak erabilera publikora bideratutako espazioak interes partikularren alde eta interes orokorraren kalterako hartu izana, nahiz eta baldintza agirietan jasota egon erabileraren izaera”, gehitu du zinegotziak.
Era berean, EH Bildukoak gogorarazi duenez, udalak “300.000 eurorainoko ekarpena” egiteko konpromisoa hartu zuela lizitazioa atera aurretik, eraikina egokitzeko. Horrela, “udal gobernu honek erreakzionatu egin du espedientea abiatu ostean, modu anbiguo samarrean eskatuz ‘erabilera egokia bermatzeko eta berehala lehengo egoerara itzultzeko beharrezkoak diren neurriak’. Oraingoz, kanpoko terrazan kartelak, aulkiak eta itzalkinak pilatzea besterik ez da kendu, baimenduta ez zegoen azalera okupatzen zutenak”, gaineratu du Burutaranek.
Horregatik, zinegotziak salatu du “agerian” gelditu dela, “udal gobernuak kontzesio publiko baten kontrola egiteko duen ezintasuna eta ardura falta”: “Alegazioen justifikazioan, udalak ez dio aurkeztu inongo zehapen espedientearen kopiarik ZMare-ri egindako bederatzi arau-hausteengatik (emakidaren baldintza agirietako 17. artikuluak ezartzen duen moduan)”.