Gizarte Ekintzako udal langile guztiek egin dute lanuztea, berriz ere

Donostiako Udaleko Gizarte Ekintzako langileek bi orduko bigarren lanuztea egin dute gaur. Izan ere, lau dira egingo dituztenak. Bigarren lanuztearen jarraipena ere %100koa izan dela nabarmendu du Gizarte Ekintza Saileko Batzordeak (ELA, LAB, CCOO, ERNE eta ESAN): “Arrakasta handia izan du. Hau da bidea!”. Otsailaren 27an egin zuten lehena.
Beste behin ere, Eneko Goia alkateari eta Maria Jesus Idoeta Gizarte Ekintzako zinegotziari exijitu diote “erantzukizuna har dezatela, lan gatazkari konponbidea emateko”. Hain zuzen ere, langileek egitura eta antolakuntza beharren azterketa egitea nahi dute, neurriak hartu ahal izateko. Besteak beste, baliabide material gehiago, profesionalen araberako arreta ratioa murriztea edota pertsonen beharrei lehentasuna emango dien kudeaketa ezartzea nahi dute.
Bestalde, langile guztiei jakinaraz diete, datozen ostegunetan mobilizazioekin jarraituko dutela, eta horietan parte hartzera gonbidatu dituzte.