Infernuan etxebizitzak eraikiko dituzte, 40 urteren ondoren
Donostiako Udalak hasiera eman dio Ibaetako auzuneko hirigintza garapenari; 540 etxebizitza eraikiko dituzte, erdiak babes ofizialekoak.

Ibaetako Infernua eremuan dagoeneko ez da inor bizi, Eneko Goia alkateak adierazi duenez. Eremuan zutik zeuden etxeetan jendea bizi zen oraindik, baina aste honetan hustu ditu Ertzaintzak. “Arazorik gabe” izan dela nabarmendu du Goiak. Horrela, atzo bertan eman zion hasiera udalak Infernuko hirigintza garapenari.
Aldiz, gaur bisitatu dute eremua Goiak berak eta Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziak, eta garapenaren xehetasunen berri eman dute. “Duela 40 urte egin ziren Infernua berritzeko hirigintza proiektuaren lehen zirriborroak, eta, azkenik, iritsi da lanekin hasteko eguna”, esan du Goiak. Horrekin batera, eskerrak eman dizkie Altuna y Uria eta Amenabar eraikuntza enpresei, “dena errazteagatik”.
Alkateak gaineratu duenez, “atzotik lehenengo lanak egiten ari dira, besteak beste, eraikin batzuetan amiantoa kentzea eta beste batzuk eraistea. Fase honek aste batzuk iraungo ditu, eta ondoren eraikuntza fasea hasiko da”. Datozen asteetan eremua birpartzelatzeko akordioa onartzeko asmoa du udalak.
540 etxebizitza
Infernuan 540 etxebizitza eraikiko dituzte, erdiak publikoak, Goiak gogorarazi duenez. Hau da, 270 izango dira babes ofizialekoak, eta beste 270 libreak. Horrez gain, merkataritza erabilerarako espazio bat eraikiko dute.
Udalak dagoeneko abian dituen beste etxebizitza garapenen inguruan hitz egin du alkateak. Izan ere, egungo legealdian 3.000 etxebizitza baino gehiago eraikitzen hasiko direla nabarmendu du Goiak. Infernuko 540 etxebizitzez gain, Loiolako Lorategi Hirian 264 etxebizitza, eta Añorga Txikin 248.
Bestalde, urtean aurrera egin ahala, Illarrako garapena hastea aurreikusten du udalak. Eremu horretan, beste 260 etxebizitza eraikiko dituzte. Gainera, Igarako garapena oso aurreratuta dagoela esan du alkateak: “Urte honen amaierarako 1.300 etxebizitza inguru izango ditugu eraikuntza fasean, erdia babes publikokoak”.













