Abangoardiako zirkua sustraitzen ari dira
Donostiako Zirkuss konpainiak 'Sustrai' ikuskizuna eskainiko du martxoaren 20an, Viktoria Eugenia antzokian. XXXI. dFeria arte eszenikoen programazioaren obra esanguratsuetako bat izango da. Antzokia zirku bihurtuko da ordubete luzez.

Martxoaren 16tik 20ra bitartean egingo dute XXXI. dFeria jaialdia, beste behin ere, arte eszenikoei ikusgarritasuna emateko. Esplotazioa da aurtengo gaia, eta, guztira, 33 konpainiaren 34 ikuskizun programatu dituzte. Esaterako, ikusgarria izango da programazioaren azken eguneko Sustrai ikuskizuna. Aurrestreinaldia Egiako Gazteszena aretoan egin ondoren, Zirkuss konpainia donostiarrak Viktoria Eugenia antzokian taularatuko du, hilaren 20an (20:30). Agertokia zirku bilakatuko dute 70 minutuz, eta hara sartu nahi dutenek bizkor ibili beharko dute. Izan ere, sarreren salmenta erritmo bizian doa.
Lander Briones da Zirkuss konpainiaren sortzailea eta Sustrai ikuskizunaren zuzendaria: «Jende askoren sustraiak ditu. Izen hori jarri genion antzezlanean murgildu garen pertsona bakoitzaren arima eta esentzia duelako. Aproposa iruditu zitzaidan». Agertokiko hamar artistez gain, musika konposatzaileek, jostunek eta gainerako profesionalek osatzen dute lantaldea. «Guztien ekarpenaren emaitza da Sustrai», nabarmendu du Brionesek.
Zirkua oinarri duen antzezlan bat osatu dute. «Batetik, zirkua da, argi eta garbi. Akrobatak eta dantzariak dauzkagu, eta ikuskizunean akrobazia ugari daude. Bestetik, antzezlana ere bada. Izan ere, zirku klasikoarekin konparatuta, hasieratik bukaerara etenik ez du. Zirku klasikoan atal desberdinak daude. Gure ikuskizunak hari bera du hasi eta buka, eta unibertso bakar batean sartzen gara. Zirku garaikidea da gurea, eta abangoardiakoa ere deitzen diote», azaldu du Brionesek.
Zirkua eta artea, loturik
Bi mundu elkartu ditu Zirkuss konpainiak, eta horren abiapuntua pertsona bat dela dio Brionesek: «Miren Barrena artista donostiarra da ikuskizunaren oinarria. Artista plastikoa da bera, igeltsuarekin lan egiten du. Zirkuan, berriz, sokan aritzen da. Zirkuaren eta artearen arteko loturari buruzkoa da bere doktoretza. Hori dela eta, esan nion ikerketa hori taula gainera eraman behar genuela. Esperimentatzeko eskatu nion, eta horren emaitza da Sustrai».
Esperimentazioaren bidez, «espazio hutsen garrantziaz» jabetu ziren, eta horri heltzea erabaki zuten. «Gure akrobazia eta dantzetan espazio hutsak uzten genituela konturatu ginen. Horiek betetzeko igeltsuzko eskulturak erabili ditugu, eta eskultura ezagun batzuk ere irudikatu ditugu. Koreografiak egiterakoan inspirazio iturri izan dira Rodin, Miguel Angel, Txillida eta Canova», azaldu du Brionesek.
Zirku «erakargarria»
Ikus-entzuleak erakartzea du helburu Zirkuss konpainiak Sustrai ikuskizunarekin. Horretarako, zirku garaikidea oso aproposa dela uste du Brionesek: «Zirku garaikideaz aritzean, ikuslea urrundu daiteke zerbait oso esperimentala eta ulergarria ez delako. Ordea, gure zirkua hurbilekoa da, erakargarria. Ikuskizun erraz eta ikusgarri bat prestatu dugu, 70 minutuz ikuslea harrapatzeko».
Martxoaren 20ko emanaldirako sarrera gutxi geratzen direla aitortu du Brionesek, eta Sustrai ikuskizunak ibilbide luzea izatea espero du. Horretarako, dFeria jaialdian eskaini ahal izatea «oso garrantzitsua» dela nabarmendu du: «Zirkuss konpainiaren izenaren azken bi hizkiek iradokitzen duten moduan, donostiarrak gara. Gainera, Donostiako formatu handiko lehen zirku konpainia gara. Horregatik, ederra da gure ikuskizuna hirian eskaini ahal izatea, eta, gainera, Viktoria Eugenia antzokian. Guretzat, amets bat betetzea da dFerian parte hartzea. Nazioarteko programatzaile asko datoz, eta horrek kanpora begirako leihoa ireki diezaguke».
Donostian zirku garaikideko konpainia bat izan zen Zirkuss-en apustua, eta lortu dutela dio Brionesek: «Artista berriei plataforma bat eskaini nahi diegu. Euskal Herriko eta atzerriko akrobatak ditugu, guztiei eman nahi diegulako aukera». Horrekin batera, sustatzen dituzten lankidetzak indartzeko asmoa dutela adierazi du. Izan ere, Musikeneko musikari talde batek sortu du Sustrai ikuskizunaren musika, Borja Antonen gidaritzapean. «Hamalau pieza sortu zituzten guretzat, eta badakigu esperientzia aberasgarria izan dela haientzat, eta baita guretzat ere».
Zirkua ere abiapuntu
Martxoaren 16an abiatuko da dFeria jaialdia, baina aurreko egunean izango da inaugurazioa, hilaren 15ean. Martin Zimmermann konpainia suitzarraren Danse Macabre zirku ikuskizuna izango da abiapuntua. Viktoria Eugenia antzokian eskainiko dute, 19:30ean. Beste zirku ikuskizun batzuk ere programatu dituzte. Esaterako, martxoaren 17an, Mahmud y no solo Mahmud ikusi ahal izango da Antzoki Zaharrean, 18:30ean.
dFeriak babestutako edukia