Agur lan!

Betikoa: lana ez daukazunean komeriak hilabete amaierara iristeko. Lana daukazunean, ordea, komeriak egunaren amaierara iristeko. Garai batean, langile mugimenduan hitz egiten zen soldatapeko lanaren abolizioaz, eta abar. Orain, hitz egitea ere arraroa da.
Ez dugu zertan Italiako autonomiaren mugimendura itzuli mundu berriak desiratzeko eta praktikan jartzeko. Baina etsigarria da sozialdemokraziaren garaipenik handiena izatea bi ordu t’erdi jaistea asteko lanaldia, bitartean jubilatzeko adina etengabe luzatzen dutenean, gainera. Nire kalkuluen arabera, urtean 115 lan ordu gutxiago egingo dugu lan murrizketa horrekin. Baina bost urte atzeratu bada erretiratzeko data, denetara 76.995 ordu egingo genituzke lan, lehengo 73.040 orduen ondoan.
Lana egin beharra dago, bai, baina bizi ere bai. Sozialdemokraziarentzat proposamen AUSART eta BERRITZAILEAK egiteko ordua iritsi da, beraz —enfasia nirea da, hitz horiek kanpaina garaian asko gustatzen zaizkiela badakit-eta—: Neguko lehenengo elurtean jaieguna; lau eguneko baimena udaberriko lehen loreetan; maitemintzeagatik hamabostaldia —sua pasatu arte, eta gehienez urte t’erdian behin, e, ez pasa—; amona bisitatzeko goiz bat bi astean behin; ostegun arratsaldeak jai, Egiako Kata taberna tabernan bazkaltzekotan; disko bat grabatzeko baimena, behar denean; eta, batez ere, gerraren eta faxismoaren kontra antolatzeko baimen bereziak urgentziazko garaietarako. [Gehitu, irakurle, zuk ere nahi duzuna jarraian].