Belar gainera itzuliko da Reala, garaipenaren bila
Txuri-urdinek Bartzelona azken sailkatuaren kontra jokatuko dute Zubietan etzi, 12:00etan.

Ohiko etenaldi luzearen ondoren, Realeko belar hockey taldea lehiara itzuliko da. Iazko azaro bukaeran jokatu zuten ohorezko mailako azken partida, eta ia lau hilabete beranduago, 12. jardunaldiarekin berrartuko dute txapelketa. Bartzelona azken sailkatuaren kontra ariko dira etzi, Zubietan (12:00). Sailkapenaren erdian daude txuri-urdinak, hamabi taldeen artean seigarren tokian daudelako. Gora begira jartzeko, irabazi beharreko neurketa da igandekoa.
Izotz hockeyan, Txuri Urdineko neskek ligako titulua etxean irabazteko bi aukera izango dituzte, bihar eta etzi. Hori bai, bi aukerak baliatu beharko dituzte hirugarren liga eskuratzeko. Izan ere, Majadahonda arerioaren etxean, Madrilen, jokaturiko lehen bi partidetan garaipenak banatu zituzten. Txuri Urdinek irabazi zuen finaleko lehen neurketa, eta madrildarrek bigarrena. Beraz, etxeko biak irabazita, titulua berretsiko dute. Bestela, bosgarren eta azken norgehiagoka erabakigarria Majadahondaren pistan jokatu beharko dute. Txanponaren beste aldean daude Txuri Urdineko mutilak. Jacaren kontra Anoetako izotz jauregian jokatuk dituzten bi partidetako bat galduz gero, titulurako lehiatik kanpo geratuko dira. Aragoikoek lehen bi neurketak nabarmen irabazi ondoren, balentria egin beharko dute donostiarrek, bihar eta etzi.
Futbolean, Realeko neskek garaipenaren bidera bueltatu nahi dute. Horretarako, Zubietako berdinketa gazi-gozoa atzean utzi, eta Levante Badalona mendean hartu beharko dute bihar, 16:00etan. Txuri-urdinak ez daude denboraldiko momentu gozoenean, baina egoerari buelta emateko jokalariak eta joko maila badituzte. Realeko mutilek, berriz, Europa ligako berdinketa ontzat jota, Anoetan jokatuko dute berriz ere, igandean, 21:00etan. Oraingoan, ordea, ligako partida izango da, eta arerioa Sevilla. Sailkapeneko goiko postuen lasterketatik at ez geratzeko, irabazteak baino ez du balio.
Saskibaloian, Ibaeta Basketek mailari eusteko erabakigarria izan daitekeen neurketa jokatuko du etzi Araskiren aurka, Gaska kiroldegian (12:00). Hainbat porrot kateatu ondoren, sailkapenean atzetik duten talde arabarra mendean hartu beharko dute. Bestalde, Gipuzkoa Basketek beste itsura hobeagoa eman nahi du Cartagenaren pistan, bihar, 19:00etan.
PARTIDAK
Belar hockeya
Emakumezkoen ohorezko maila, 12. jardunaldia
- Reala – Bartzelona (etzi, igandea, 12:00)
Izotz hockeya
Emakumezkoen ligako titulurako kanporaketa, finala
- Hirugarren partida: Txuri Urdin – Majadahonda (bihar, larunbata, 14:30)
- Laugarren partida: Txuri Urdin – Majadahonda (etzi, igandea, 16:00)
Gizonezkoen iberiar ligako titulurako finalerdiak
- Hirugarren partida: Txuri Urdin – Jaca (bihar, larunbata, 21:00)
- Laugarren partida: Txuri Urdin – Jaca (etzi, igandea, 13:00)
Futbola
Emakumezkoen liga, 21. jardunaldia
- Levante Badalona – Reala (bihar, larunbata, 16:00)
Gizonezkoen liga, 27. jardunaldia
- Reala – Sevilla (etzi, igandea, 21:00)
Saskibaloia
Emakumezkoen lehen maila, 25. jardunaldia
- Ibaeta Basket – Araski (etzi, igandea, 12:00)
Gizonezkoen bigarren maila, 23. jardunaldia
- Cartagena – Gipuzkoa Basket (bihar, larunbata, 19:00)