Donostiako Euskaraldiak baditu hamaika enbaxadoreak
Hamaikakoa osatzen duten 'ahobiziak' eta 'belarriprestak' hauek dira: Sara Zozaia, Jose Miguel Aierza, Maialen Barcena, Jon Garaño, Laura Chamorro, Borja Agote, Edurne Ormazabal, Xabier Zabaleta, Josebe Amondarain, Unai Ribera eta Txurdin.

Gaur goizean aurkeztu dute Donostiako Euskaraldia eta hamaikakoa, Tabakaleran. Hiriko hainbat alorretako 75 eragile baino gehiagok parte hartu dute ekitaldian, eta guztiek bat egin dute Euskaraldiaren aurtengo leloarekin: Elkar mugituz egingo dugu. Hizkuntza ohiturak aldatu eta euskararen erabilera sustatzeko ekimen sozialaren laugarren edizioa, maiatzaren 15etik 25era izango da.
Donostiako Euskaraldiak hamaika enbaxadore hauek izango ditu ekimena hauspotu eta herritarren parte hartzea sustatzeko: Sara Zozaia abeslaria (ahobizi) Jose Miguel Aierza Adegiko zuzendari nagusia (belarriprest), Maialen Barcena AEKko euskaltegiko irakaslea (ahobizi), Jon Garaño zinema zuzendaria (ahobizi), Laura Chamorro moda aditua eta aurkezlea (ahobizi), Borja Agote surflaria eta youtuberra (belarriprest), Edurne Ormazabal Tabakalerako zuzendaria (ahobizi), Xabier Zabaleta Aratz jatetxeko sukaldaria (ahobizi), Josebe Amondarain Ikasbide elkarteko idazkaria (ahobizi), Unai Ribera DJa (ahobizi) eta Txurdin Realaren maskota (belarriprest).
Hamaika lagun horiek denetariko erronkak hartu dituzte Euskaraldirako. Hala nola, enpresa munduan euskara sustatzea eta prentsaurrekoetan euskara gehiago erabiltzea, Tabakaleraren programazio publikoan euskararen presentzia handitzea, euskara ez galtzea eta gaztetako mailari eustea, edota euskara ikasten ari diren ingurukoekin lehen hitza euskaraz egitea… Donostiako Euskaraldiaren egitaraua aurrerago aurkeztuko dute.
Elkarlana eta konpromisoa
Donostiako Udala eta Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkartea elkarlanean ari dira antolatzen Donostiako Euskaraldia. Ekitaldian parte hartu dute Eneko Goia alkateak eta Amets Ibero Bagera elkarteko kideak. Euskaraldia aukera gisa ikusten duela esan du Goiak, “hizkuntza ohiturak aldatu eta zenbait inertzia astintzeko”, eta gogoratu du “erronka handiak ditugula” aurrera begira. “Gizartea etengabe aldatzen ari da: migrazioa, euskal hiztunen ezaugarriak eta abar. Beraz, jendea euskalduntzen jarraitu behar dugu eta hizkuntza erabiltzeko guneak bermatu behar ditugu: aisialdian, lan eremuan eta abar”.
Iberok, berriz, azaldu du gizartea aktibatzea “ezinbestekoa” dela: “Euskararen egoera kezkagarria izanik ere, herritarrak ilusio eta motibaziotik aktibatu behar ditugu berriro. 2018ko Euskaraldian (lehenengoan) argi ikusi zen berrikuntzak eta ilusioa izan zirela jendearen parte hartzearen giltza eta hori lortu nahi dugu, elkar mugituz egingo dugu”. Biek nabarmendu dute “elkarlana” dela gakoa, eta Donostiako enpresak, entitateak eta eragileak Euskaraldia sustatzera animatu dituzte.
Martxoak 15
Euskaraldian izena emateko epea martxoaren 15ean irekiko dute webgune honetan. Parte hartzeko ezinbestekoa izango da. Hala ere, apirilaren erdialdetik aurrera Bageraren bidez, Donostiako Udalaren Euskara Zerbitzuaren bulegoan eta hiriko kultur etxeetan izena emateko esku-orriak eta kutxa batzuk jarriko dituzte izena Interneten emateko zailtasunak dituztenentzat. Gainera, apirilaren erdialdetik aurrera, izena eman dutenek parte hartzeko txapa jaso ahal izango dute aipaturiko guneetan.
















