Herri Gogoa, iragana eta etorkizuna lotu zituen diskoetxea
Iraganera begiratzea oraina ulertzeko modu bat da, askotan ez bada, beti. Ondo begiratu behar, ordea, tradizioaren katea nondik nora doan ulertzeko, eta lotura okerrak ez egiteko. 1970eko hamarkadan, euskal kulturaren berpizkundean, izan zen dena aldatzen lagundu zuen diskoetxe bat Donostian: Herri Gogoa. Iñaki Beobidek eta Axen Egañak sortu zuten, eta, orain, Haatik dantza konpainiak ikuskizuna sortu du bere ondarearekin: 'OTS'. Bihar estreinaldia dutela probestuz egin dugu denboran bidaia.

Haatik konpainiak bihar estreinatuko duen OTS ikuskizunak balio sentimental handia du; Aiert Beobide konpainiako zuzendarietako baten gurasoak izan baitziren Herri Gogoaren sortzaile Iñaki Beobide (Zumaia, 1934 – Lezo, 2024) eta Axen Egaña (Parte Zaharra, 1937). Txikitako soinu bandaz gain, galdutako lanekin osatu dute ikuskizuna, soinu bidaia bat proposatuz, euskal kultura modernitatean sartu zeneko martxarekin.
Eta, «Herri Gogoaren izpirituari jarraituz», Beobidek aurrestreinaldian esan zuen gisan: «Ezin genuen ohiko dantza ikuskizun bat egin». Horretarako, Jone San Martin koreografoaren laguntza izan dute, euskal dantza tradizionalean oinarritzen den, baina hortik urruntzen den denbora bidaia eginez.
Baina zer zen Herri Gogoa, zergatik izan zen garrantzitsua, eta, batez ere, nor zen Axen Egaña, Iñaki Beobiderekin batera proiektua sostengatu zuena —eta historia egiterakoan kasik aipatzen ez dena—?
Egaña eta Beobide, Herri Gogoaren sortzaileak
Familia errepublikazalea zela eta, Ipar Euskal Herrian hazi zen Egaña. Bilbon jaio, Bilbotik Bartzelonara, bertatik pasatu Frantziara, eta handik Donibane Lohitzunera, Irungo muga erabat itxita zegoelako. Haur zela, bere ama tiroz erail zuen Poliziak, hegoaldean arrantzalea zen aita ikusteko muga pasatzen ari zela: «Jende mordoa hiltzen zuten mugan, haurrak ginela asko komentatzen genuela oroitzen dut; gaur egun beste mugetan gertatzen denaren antzeko».
1961ean ezkondu zen Iñaki Beobiderekin eta urtebetera sartu zuten kartzelan senarra. Gerra kontseilua egin zioten, «ETAkoa zelakoan, edo auskalo. Etxera etorri zirenean, nik ez nekien ezer, eta ez zuten ezer topatu». Hasiera batean aske utzi bazuten ere, hilabete gutxira, berriro sartu zuten kartzelan, Madrilen lehenik eta Sorian ondoren. «Zortea izan genuen, Aita Santua hil eta kondena urteak kendu eta urtebete besterik ez zen egon. Aita Santu hau hiltzerakoan ere utziko al dute libre baten bat?», dio.
Kontadoresen idazkaria zen Egaña, eta, Beobide, ingeniaria. «Ezkondu nintzenean jada ezin nuen lanik egin, ezta kontu korronterik izan ere, eta, beraz, bestelako lanak egin behar izan nituen, gezurra dirudi nola ziren gauzak». Beobidek ere lana galdu zuen kartzelatik ateratzean, eta beraz, lan berri bati ekin zioten: etxez etxe hasi ziren euskarazko liburuak saltzen. Haiekin batera ibiltzen zen ere Joseba Jaka, gerora Zabaltzenen eta Elkarren sortzaileen artean zegoena.
Xabier Gereñok CINSAren hainbat disko saltzeko eskatu zien, baina hark estudiorik muntatzeko gogorik ez zuela eta, Beobide hasi zen ekoizpen lanetan. Ez Dok Amairu sortzen ari zen garai hartan, eta Pako Miangolarra mezenasaren laguntzarekin sortu zen euskal kulturaren zutabe izan zen Herri Gogoa diskoetxea.
Herri Gogoaren estudioa Grosen
Miangolarraren biografian kontatzen denez, Aurrera tabernan elkartu zen Ez Dok Amairuko kideekin, eta haiek esan zioten diskoetxe baten beharra zegoela. Berak proposatu omen zion Iñaki Beobideri egitekoa. Edonola ere, Beobiderekin batera, hasiera-hasieratik amaiera arte izan zen Herri Gogoaren ibilbidean Egaña: «Berak, batez ere, musika kontuak eramaten zituen, eta nik ekoizpena, salmenta eta egin behar zen guztia».
«Miangolarrak ez zuen dirurik nahi. Ateratzen zen diru guztia berriz ere inbertitzea nahi zuen berak; hobetzeko», azaldu du Egañak. Honela, Groseko Tomas Gros kalean ireki zuten garai batean Euskal Herriko estudiorik garrantzitsuena izan zena. Egaña ez zen estudioko lanean sartzen: «Behin soilik joan nintzen estudiora. Iñakik deitu zidan goizeko bostetan, ea tortilla bat eramango nien, gau osoa zeramatela grabatzen eta. Han joan nintzen ni, eta Laboa han zegoen eta bat-batean argia ikusi zuen: egin ditugun ehun hartualdietatik, lehenengoa da nire gogokoena. Horrela genbiltzan, pentsa!».
Estudioa ireki aurretik, ordea, egin zituzten grabaketa gehiago. Garrantzitsuena izan zen 1967an, Urnietako salestarren ikastetxean egindakoa. Bartzelonatik ekarri zuten ekipoa eta bertatik etorri zen EDIGSAko teknikari Jaume Gratacos. Itxura denez, etenik gabe, gau eta egun aritu ziren diskoak grabatzen, eta lehenengo lanak egun horietan grabatutakoak ziren.
«Durangoko azokaren lehenengo urtean Xabier Leteren eta Artze anaien disko banarekin joan ginen [Euskalerri nerea eta Txalaparta]. Ale guztiak saldu eta Donostiara itzuli behar izan ginen ale gehiagoren bila. Hurrengo urtean, sei edo zazpi disko berrirekin joan ginen», oroitu du Egañak. «Durangora joaten ginen, baina ez zen oraingo berdina e; izugarrizko hotza pasatzen genuen elizako arkupeetan!».
«Txalaparta mordoa saltzen zen», oroitu du Egañak. Izan ere, lehenengo aldia izan zen txalaparta grabatzen zena. Zuaznabar anaiek soilik egiten zuten txalaparta lehenik, eta Artze anaiek berreskuratu zuten, gaur egun arte bizirik mantenduz. Baina ez hori soilik, bestelako asmo bat eman zioten, eta poemekin uztartzearekin batera, abangoardiako lan bihurtu zen, mundu osoko musikazaleen artean erreferentzia bihurtuz.
Hiru ildo
Ahalik eta gehien grabatzea zen helburua. «Etortzen zen baten bat ‘grabatuko al didazu disko bat?’, esanez. Bagenekin ez genuela salduko, baina euskaraz musika egon zedin egiten genuen. Euskal dantzaren disko handiak egin ziren, Urbeltzekin, jendeak mordoa entzuten zuen, baita trikitia ere. Garai batean ez zegoelako beste modurik».
Musika herrikoia egiteko, ia etnografia lana izan zena egin zuten. Bertsolariekin ere disko batzuk grabatu zituzten, «esandakoak galdu ez zitezen». «San Martzial kaleko Kutxan geunden, bertso saio batean, eta Polizia etorri zen, itzulpen eske. Baina itzulpenik ez zegoela azaldu behar genien, inprobisatuak zirela, eta Poliziak ezetz, aldez aurretik behar zuela», oroitu du.
Beobide bera joaten omen zen grabagailu batekin herriz herri, eskualde bakoitzeko kantu tradizionalak jasotzera. Arratiako diskoan Maurizia Leon berak abesten duela azaldu du Manu Gaigne musikariak.
Hain zuzen, Manu Gaigne Beobide arduratu da, Aiert Beobiderekin batera, aitona-amonek sortutako funtsa berreskuratzen OTS ikuskizunerako. Ikerketa egiteko, 100 disko inguru entzun ditu. Erdia inguru, etxean zituzten, baina gainontzekoak entzuteko, Eresbileko funtsera jo behar izan dute. «Guztia dago han, aitona-amonek diskoak atera hala, bertara eramaten baitzituzten». Arazo bat dute, ordea: Herri Gogoa ez zenez inoiz ofizialki existitu ez daude ondo klasifikatuta, eta izen ezberdin asko dituzte, izugarri zailduz bilaketa.
Ikuskizunerako hainbat pieza sortu ditu Gaignek Herri Gogoaren katalogo zabaleko ipuinekin, binilo hotsekin eta kantu ezagun eta ez hain ezagunekin osatuta: «Harritu gaituzten aurkikuntzak sartu ditugu». Horien artean, aipatzekotan, Argoitia anai-arreben Arribedertxi Mirentxu aipatu du, «hawaiiar erako rocka, Elvis Preslyeren estiloan». Bestetik, ahanzturan erori diren disko batzuk sartu nahi zituztela azaldu du: «Mikel Laboa denok ezagutzen dugu, eta badagoen arren, ahaztu samar geratu diren beste diskoak sartu nahi izan ditugu: Lourdes Iriondo, Estitxu eta Akelarre Sorta, besteak beste».
Herri Gogoak hiru ildo nagusi izan zituen, beraz: musika herrikoia, kantugintza berria eta esperimentalismoa —euskal musika oinarri zuten jazz-funk eta elektronika esperimentaleko diskoak barne—. Ez Dok Amairuk, eta, batez ere, Mikel Laboak eta Joxean Artzek, hiru ildo horiek garatu zituztela esan daiteke ere.
Zentsurari lotua
Herri Gogoaren historia frankismoari eta zentsurari loturik dago. Beobidek hartu zuen Herri Gogoa izena —Alemaniako erromantikoek erabili zuten Volkgeist terminoaren itzulpena—, eta erregistratzeko orduan, la necesidad de un pueblo, itzuli zuela eta, erregimenak ez zuen erregistratzen utzi. Honela, Herri Gogoa izena erabili bazen ere, Kataluniako EDIGSAren izenean argitaratu zen katalogoaren gehiengoa. Aurrerago, OTS marka erregistratu zuten, Egañaren izenean.
Argitalpen guztiek pasatu behar izaten zuten zentsura frankista eta, noski, asko ziren aldatu behar izaten zituzten esaldiak, eta kanpoan geratzen ziren testu edo kantak. Mikel Laboaren Bat-Hiru horren adierazle: zentsurari iskin egin ezin izan zioten diskoak dira Bi-n daudenak. Gaignek kontatu duenez, Bertolt Brecht antzerkigile eta poeta komunistaren omenez egindako disko txikiko kantak dira Bi-n sartzekoak zirenak.
Iskin egiteko moduak topatzen zituzten, hala ere: «Askotan, ale gutxi batzuk egiten genituen zentsuratuta, eta gainontzekoak zentsurarik gabe. Harrapatzen bagaituzte zer? Galdetzen nuen, eta Iñakik: ‘Orduan ikusiko dugu’. Kontua zen lehenengo urratsa egitea!».
Zentsura ez zen soilik bulegoetan egiten, bistan da. Zarauzko lehenengo dantzari eguna Guardia Zibilez inguratuta dantzatu zutela oroitu du Egañak. Eta 1963ko maiatzaren 1ean Viktoria Eugenian Ez Dok Amairuko kide batzuen kontzertua izan zela, Kataluniatik etorritako abeslariekin. «Kontua da Andia kalean zeuden arkupe batzuetan, polizia mordoa zegoela, zaldien gainean». Giroa berotzen hasi zen, eta jendea oihuka, Lete atera zen arte: «Zer nahi duzue, Polizia tiroka hastea eta gu denok hiltzea? Mesedez, ixo, lasai, entzun gure gauzak eta duzuena barruan gorde».
Ez Dok Amairu
Ez Dok Amairuri estuki lotuta zegoela zirudien arren, ez zen honela, ez bada euskal kulturaren gainean zuten ikuspuntu estrategikoagatik. Belter eta Cinsa diskoetxeetan argitaratu izan zuten Lertxundik eta Iriondok, esaterako, Herri Gogoa sortu aurretik. Ordea, Egañak oroitu duenez, Ez Dok Amairuren apurketan zerikusia izan zuen diskoetxeak.
Itxura denez, Irigarai eta beste batzuk ez ziren oso kontentu diskoetxeek artistei ordaintzen zizkieten royaltyekin. Zazpiribai ikuskizuna eta Artezi diskoetxea sortu zituzten, baina «ez zuen fundamentu handirik izan», Egañak oroitu duenez: «Diru gehiago irabazi nahi zuten, baina ez zen gertatu. Royaltyak pagatzeko saldu egin behar zen lehenik».
Horri gehitu behar zitzaion garaiko eztabaida politikoa. Abertzaletasunaren inguruan hasi ziren antolatzen Zazpiribai ikuskizun berriaren bueltan zeuden artistak (Lete, Iriondo, Lertxundi, Pantxoa eta Peio…) eta abangoardiaren inguruan Ikimilikiliklik ikuskizunekoak (Laboa, Artze, Zumeta, Zabala…).
Masterrak Elkarren esku
Apurketa horrek utzi zituen ajeak, baina, batez ere, euskal kulturgintza modernoaren zutoinak eraikitzeko ikuspuntu eta estrategia ezberdinak jarri zituen. Garaian sortu ziren diskoetxe handiak, ahultzen joan ziren heinean, sortzen ari zen enpresa berri batek erosi zituen: Elkarrek. Euskal kulturan indarrak batzeko eta egitura sendoa sortzeko enpresak, Herri Gogoaren, Arteziren eta Xoxoaren gisako diskoetxeen funts guztiak erosi zituen. Hau da, Laboatik hasita, Itoiz eta Errobiraino, argitaratu zen ia guztia.
Egañak azaldu du nola Beobidek istripu bat izan ondoren hasi zirela Herri Gogoaren amaierarekin. Azkenean, Joseba Jakarekin akordioa egin, eta haiei eman zieten katalogo osoa. Diskoak eta eskubideak. Azaldu duenez, ordea, ez zieten sekula ezer ordaindu.
«Ez dakit zenbat diru adostu zen, baina momentuan ez zen ordaindu. Garai hartan, gaizki pasatzen ari ginen, eta Iñakik ordaintzeko eskatu zien, baina ezer ez», azaldu du Egañak. «Urteetara hil zen Jaka eta inork ez zekienez ezer, eta materiala han zegoenez, inork ez zuen ezer jakin nahi izan; eta gaur arte» [erreportaje hau argitaratu ostean, baieztapen horiei buruzko xehetasunak eman zituzten Joxemari Sors eta Jon Jaka Elkar fundazioko kide ohiek; hemen daukazue elkarrizketa].
Gaignek azaldu duenez, garai hartan «ez zen ezer sinatzen, dena zen euskaldunen hitza». Egiletza eskubideekin ere izugarrizko «gehiegikeriak» izaten ziren: «Esango nuke ez zela paper bakarra sinatuko!». Honela, Elkarrek masterren eskubideak dituen arren, ez dago oso argi kontratu horiek nork eta nola sinatu zituen.
Iragana etorkizunerako
Guztia egiteko zegoen garaian, guztia egiten saiatu ziren Beobide, Egaña eta inguruan zituzten kulturazaleak. «Beti euskararen alde», dio Egañak, asmatu behar zena asmatzen, eta arriskatzen. Akelarre Sorta jazz-funk diskoa horren adibide: «Arcco ondoan zegoen dantzaleku bat, putetxe bat zen ia, Txutxin zen jabea, baina ez naiz oroitzen lekuaren izena. Bertan estreinatu genuen diskoa. Aretoa beteta zegoen, eta jende guztia dantzan, euskal musika berri hura dantzatzen!». Gerora ez zuen arrakasta handiegirik izan, agian, estrategia okerrak ibili zirelako; Alberto Lizarraldek esaten zuen moduan, «bere hedapen eremua Euskal Herritik harago pentsatuz gero, izugarrizko arrakasta izan zezakeen». Kontua da saiatu, saiatu zirela, baita askotan asmatu ere.
Herri Gogoak euskal kulturgintza modernoaren zutabeak jarri zituen. Eta bi irakaskuntza garrantzitsu erakutsi zituen: kulturak azpiegiturak behar dituela, eta, ikuspegi herrikoia gailendu behar dela interes pertsonalen gainetik. Gerora, tamalez, batzuen itsukeriagatik, eta besteen interesagatik, transmisio arazo izugarrian, haren ondare eta izpiritua galdu egin da. OTS ikuskizunaren aitzakian berpiztu daiteke, akaso. Zeren, herri honek noizbait izan zuen modernitatea eta tradizioarekin munduari zerbait berria emateko indarra. Folklorizazioa modan dagoen honetan, hobe genuke herri gogoa berpiztea, izaki mitologikoak gurtzea baino. •