Maitane Etxeberriak hamahirugarren denboraldia beteko du Bera Berarekin

Bera Berak jakinarazi duenez, Maitane Etxeberria harrobiko jokalari lezoarrak 2025-2026 denboraldia arte berritu du kontratua. Beraz, gutxienez, beste urtebetez ariko da Donostiako eskubaloi taldearekin. Etxeberriaren hamahirugarren denboraldia izango da; orain arte, 357 partida jokatu ditu taldearekin.
“Pribilegio bat da hori guztia etxean bizi ahal izatea, Gaska nola betetzen ari den ikustea, gero eta jende gehiago etortzen baita guregana, eta uste dut jendeak gozatzen duela gurekin”, adierazi du Etxeberriak. Horrekin batera, pozik dago Donostiako taldearekin beste urtebete betetzearekin: “Urte asko direlako, bizipen desberdin asko bizi izan ditudalako, neskato bat nintzela sartu nintzelako eta orain gauzak desberdin ikusten ditudalako”.