Askotariko borroka feministek bete dituzte hiriko kaleak
Milaka lagunek bat egin dute Donostiako Asanblada Feministak deitutako manifestazioarekin.

Olatu moreak hartu ditu beste behin hiriko kaleak Martxoaren 8an. Donostiako Asanblada Feministak deituta ehunka lagunek bat egin dute Faxismoaren kontra ausardia eta aliantza feministak lelopean Antiguako tuneletik Bulebarreraino joan den mobilizazioarekin. Abiapuntuan zain zeuden taldeei beste leku batzuetatik etorritakoak batu zaizkie, esaterako, Antiguatik zetorren bloke transfeminista, eta aurrera egin ahala, beste asko gehitu dira, mobilizazioa are jendetsuagoa eginez.
Afixa, pankarta eta oihuak askotarikoak izan dira. Mugimendu anitza izanik, aldarrikapenak ere halakoak izan dira: abortuaren aldekoak, Atzerritartasun Legearen aurkakoak, LGTBI+ komunitatearen aldekoak, emakume pentsionistentzat babes handiagoa eskatzeko… Une hunkigarriak ere izan dira, esaterako, Clara Campoamor plaza inguruan, adineko emakume talde bat, txalo artean, manifestazioaren buruan jarri denean, ordura arte pankarta zeramatenekin batera. Zirrara eta malkoak izan dira emakume horien aurpegietan.
Festa giroa eta aldarrikapena elkarri lotu dizkiote zenbait unetan, “matxismoa atzera eta feminismoa aurrera” kantatuz, dantzarako tartea hartu dutenetan, edota Okendo plaza inguruan Emakumeen Etxeko batukada taldea aurrean jarri denean. Haren erritmora iritsi dira Bulebarrera. Han, idatzia irakurri dute bi belaunalditako emakume banak.
Feminismoa erdigunera
Azken aldian, eskuin muturraren eta faxismoaren gorakada eta jarrera erreakzionarioen ugaritzea gertatzen ari dela salatu dute, baita ezkerreko zenbait sektoretan ere diskurtso erreakzionarioak eta feminismoaren aurkakoak agertzen ari direla ere. “Sistema zisheteropatriarkal kapitalista kolonial eta arrazista sostengatzeko ezinbesteko ideiak zabaltzen dituzte”, eta horrek, bereziki “emakume, trans eta bollerak zapaltzen ditu”. Haien aurka egiteko tresna gisa feminismoaren garrantzia nabarmendu dute, “borroka guztien erdigunean” jartzeko beharra nabarmenduz. Halaber, egungo jarrera belizisten aurrean, “indarkeriarik gabe bizitzeko” eskubidea aldarrikatu dute eta gizonei ohartarazpen bat egin diete: “Konponbide ez bazara, arazoa zara”.
Donostiara ekarrita, turismoaren mesedetan hiria “metatze kapitalistaren esku” jarri izana leporatu diete udal arduradunei, “klasismo antikomunitarioa ezarriz eta eredu zisheterosexista indartuz”. Horren aurrean, “espazio propioak” defendatzera –Emakumeen Etxe handigo baten beharra errepikatu dute– eta auzoz auzo erresistentziarako gune berriak sortzera dei egin dute. Azkenik, migratzaileen aurka hirian ematen ari den “oldarraldi arrazista” gaitzetsi dute.
Mobilizazioa amaitzeko, Emakumeen Etxeko abesbatzak zenbait kanta abestu ditu. Lehena, etxe handiago baten aldekoa.























































