Emakume afganiarren egoera salatu du Plazandreok taldeak
Martxoaren 8aren harira, burka jantzita irten dira kalera emakume horiek bizi duten zapalkuntzaren berri emateko.

Burutik oinetaraino oihal urdin batek estalita. Begi aurrean laukizuzen bat, inguruan dagoena ozta-ozta ikusteko aukera ematen duena. Hala ibili dira ia ordubetez Plazandreok Emakumeok Plataforma Politikoa taldeko dozena bat kide. Afganistango emakumeek bizi duten zapalkuntzaren berri emateko helburuz, San Martin merkataritza gunearen inguruan ekintza egin dute goizean.
Afganistango Emakumeekin zioen pankarta atzean jarri dira, burka modukoa soinean, beste hiru kideek joan-etorrian zebiltzanei informazio orriak banatzen zizkieten bitartean. Arreta piztu nahi zuten Asiako herrialde musulman horretan bizi diren emakumeen egoeraren gainean, eta hein batean lortu dute, asko gelditu baitzaizkie begira, batzuek galdetu diete, eta txalo egin dienik ere izan da. “Jendeak honekin ezagut dezake zer gertatzen ari den han. Emakumeak eta neska txikiak Afganistanen azken puntan daude”.
Talibanek Afganistanen sharia legea ezarri zutenetik, nahitaez emakume afganiarrek burka jantzita irten behar dute etxetik. Gainera, kalera joan nahi badute gizon batek lagundu behar die beti. Hori nahikoa ez balitz, azken neurriak hitz egitea debekatu die. “Egoera oso larria da”, azaldu du Plazandreokeko kide batek. “Amnesty Internationalek salatu egin du eta sharia legea genero apartheid gisa hartzea eskatu du. Hautsi egin behar dira harremanak Afganistango gobernuarekin. Hori salatzeko atera gara kalera”. Jendeak burka erabiltzea zer den ulertzea nahi zuten. Azaldu duenez, jantzi horren barruan egotea “oso ezatsegina” da. “Ez dut ezer ikusten, erabat tapatuta nago. Hala ere, hori, gutxienekoa da”. Izan ere, jantziaren helburua emakumezkoak “ikusezin” egitea da.












