Matxismoaren aurrean, emakume langileen borroka aldarrikatu dute
Egunaren zentzu iraultzailea "berreskuratzeko", ehunka lagunek bat egin dute Itaiak deituriko manifestazioarekin.

“Emakume Langileon Nazioarteko Egunean, matxismoaren aurka borrokatzeko eta kaleak hartzeko deia” zabaldu du Itaiak, gaur iluntzean Donostiako Parte Zaharrean barrena egin duen martxan. Bulebarra alderik alde gurutzatu ostean, auzoko hainbat kale gurutzatu dituzte Trinitate plazan bukatzeko. Han egin dute ekitaldia.
Ehunka lagun izan ditu bidelagun Itaiaren mobilizazioak, eta Parte Zaharreko kaleetan entzun ahal izan dira euren aldarriak. Bukaerako ekitaldian, Itaiak bi kidek hitza hartu dute. “Martxoaren 8a aurpegi zuriketarako erabiltzen duten alderdi politikoen, instituzioen eta enpresarien hitzontzikeriak alboratu, eta matxismoaren eta faxismoaren aurka egiteko borroka eguna da gaurkoa”, nabarmendu dute.
Martxoaren 8ak “historikoki izandako izaera iraultzailea berrartu” nahi dutela adierazi dute, “garaiko alderdi sozialistek, kapitalismoa suntsitzeko norabidean, emakumeen zapalkuntza gainditzeko ekarpena egiteko eta borroka hauspotzeko eguna kokatu baitzuten”.
“Oldarraldi erreakzionarioa”
Egungo testuinguru ekonomikoak eta sozialak “antolatzeko eta mobilizatzeko beharra oraindik eta gehiago mahai gaineratu” duela esan dute: “Izan ere, oldarraldi erreakzionarioak mundu mailan ideia atzerakoien eta matxisten zabalpena eta normalizazioa dakar. Ideologia ultraeskuindarrak berebiziko eragina du langile klaseko kolektibo zaurgarrietan; esaterako, proletargoan, atzerritzarren zein emakumeon aurkako ideiak, jarrerak eta politikak bultzatzen baititu”.
Enpresa handiek, erakundeek eta alderdi politikoek Martxoaren 8a “aurpegi zuriketarako” baliatzen dutela kritikatu dute, besteak beste. “Matxismoaren aurkako borroka kalean erakusteko eguna” dela berretsi dute, ideia erreakzionario eta faxistei aurre egiteko “diskurtso argiak” planteatu eta emakume langileen zapalkuntza amaituko duen proposamena hauspotzeko.
Oldarraldi erreakzionario horri aurre egitea “urgentzia politikoa” dela nabarmendu dute: “Horri aurre egiteko alternatiba, ordea, ez da ezker instituzionala, ezta bera indartzeko borrokak martxan jartzea ere. Alternatiba instituzio kapitalistetatik kanpo antolatuko den langileon antolakuntza da”.
























