Errondo pasealekuko urbanizazio lanak adjudikatu nahi ditu udalak
Amara Berri ikastetxetik Karlos I.a hiribideraino doan zatia da berrituko dutena. Besteak beste, futbolzaleentzako motoen aparkaleku bat jarriko dute.

Donostiako Udalak berriz ere atera du lehiaketara Errondo pasealekuaren zati bat urbanizatzeko kontratua. Zehazki, Anoeta zelaiaren ondoko Amara Berri ikastetxetik Karlos I.a hiribideraino doan zatia da berrituko dutena. Iazko irailean abiatu zuten lehiaketara ez zen enpresarik aurkeztu. Hori dela eta, aurrekontua igo dute, eta 192.846 eurokoa da (BEZa barne). Lanak egiteko, berriz, bi hilabete eta erdiko epea ezarri dute.
Eneko Goia alkateak gogorarazi duenez, helburua da oinezkoei lehentasuna ematea eta ibilgailuen abiadura murriztea. Horretarako, zebrabide berri bat sortuko dute Karlos I.aren azpian eta zebrabide guztietan konkorrak egingo dituzte. Era berean, egungo errepide erdibitzailearen ordez, oinezkoentzako espaloi handi bat ezarriko dute, zirkulazioaren bi noranzkoen artean, bertan gelditu ahal izateko. Gainera, inguruko bertakoentzako plazak ere berrantolatuko dituzte.
Aparkaleku gehiago
Autoentzako eta motoentzako aparkaleku gehiago sortuko dituzte Anoeta inguruan. Zehazki, ibilgailuentzako errei bat kenduko dute Karlos I.a hiribidetik Amara Berri ikastetxerainoko tartean, Morlansko noranzkoan. Aparkaleku berriak 45 autoentzako edo 220 motorrentzako espazioa izango du, eta partida egunetan, TAO sistema edo aparkaleku arautu berezi bat ezarriko dute, eremu hori motorren aparkaleku bihurtu dadin. Era berean, Carlos I.aren azpian eta Ferrerias kalean egoiliarrentzako eremu berriak sortuko dituzte. Hala, orotara, 137 toki egongo dira araututa eta soilik 309 izango dira bizilagunentzat.
Motoen aparkalekua
Proiektu berriarekin, udalak irtenbide bat topatu du futbolzaleen aparkaleku eskaerei aurre egiteko. Realzaleek urteak daramatzate motorrak aparkatzeko lekuak eskatzen, aurretik egon diren arren, egun estadioaren inguruetatik kanpo utzi behar dituztelako. 2019ko zaharberritze lanak egin zituztenean, Trinketearen parean zegoen espazioan aparkatzea debekatu zitzaien motozaleei, segurtasun arrazoiak medio. Motozaleen protestak ugaritu ziren orduan, eta udalak Illunben aparkatzeko proposamenari uko egin zioten.