Zmareko aferaren erantzukizuna kudeatzailearena dela dio Eneko Goiak
Zurriolako jatetxeari 584.337 euroko isuna ezarri dio Gipuzkoako Kostalderako Probintzia Zerbitzuak.

Gipuzkoako Kostalderako Probintzia Zerbitzuak espedientea ireki dio Donostiako Udalari, Zurriola pasealekuko Zmare jatetxeak erabiltzeko baldintzak “ez betetzeagatik”. Zehazki, “bederatzi arau hauste” egotzi dizkiote establezimenduaren kudeatzaileari. Esaterako, onartutakoak baino bezero gehiago hartzea. Hori dela eta, 584.337 euroko isuna jarri diote jatetxeari.
Horren inguruan galdeginda, Eneko Goia alkateak adierazi du Zmareko aferaren erantzukizuna kudeatzailearena dela: “Emakida Kostalde zuzendaritzak udalari egindakoa da, baina lehiaketa bidez adjudikatu zen, eta kudeatzaile bat du. Beraz, Kostaldeko zuzendaritzak igorritako espedienteak jasotzen dituen ez betetzeak emakida horri dagozkio”.
Udalak kudeatzaileari jakinarazi dio ez dituela ezarritako baldintzak betetzen, eta Gipuzkoako Kostalderako Probintzia Zerbitzuaren isun proposamena helarazi diote. “Hemendik aurrera, alegazio fase batean sartuko gara. Kudeatzaileak esan beharko du horrela den ala ez, eta guri dagokigu kudeatzaileari exijitzea baldintzak betetzeko. Hori egiten ez badu, isuna berak ordaindu beharko du”, azaldu du Goiak.