Pello Gutierrezen 'Erreplika' filma maiatzaren 9an estreinatuko da zinema aretoetan

72. Donostiako Zinemaldian estreinatu eta Irizar Sariaren aipamen berezia lortu ondoren, Pello Gutierrezek zuzenduriko Erreplika filma zinema aretoetara iritsiko da. Hain zuzen ere, maiatzaren 9an estreinatuko da, Atera Filmsen banaketarekin. Aste honetan, berriz, Tesalonicako Zinemaldi Dokumentalaren 27. edizioan eskainiko dute Zazpi T’erdik ekoitzitako lana.
Gutierrezen hitzetan, dokumental hau irudien bidez sortu eta ahotsaren bidez garatu du: “Nire ahotsak gidatzen du filma, eta protagonisten ahotsek ematen diote jarraipena: iraganeko gertaerak gogoratzen dituzte, desagerpenari buruz idatzi diren dokumentu, arrasto eta testuak irakurriz. Pertsonaletik kolektibora, ikerketa honek herri honen oroimena arakatu nahi du, irudi ezaren bidez. Eta, aldi berean, galdu berri dugun ahaidearen galeraren aurrean, irudiari eta memoriari buruzko hausnarketa planteatzen du”.
Filmaren sinopsia, berriz, jarraian irakur dezakezue: “1979an Zikuñagako Ama Birjina desagertu egin zen eta Hernaniko biztanleek irudi ikoniko bat galdu zuten. Zulo bat horma hobian. Hutsune kolektibo bat. Hau hutsuneei buruzko film bat da. Nire aita, Juanmi Gutierrez zinemagilea, duela urte batzuk hil zen. Orain, denbora tarte bat pasa denean, bere filmetara itzuli naiz memoria pertsonaleko ariketan. Irudien bitartez egiten dut memoria. Edo hobeto esanda, irudi ezaren bitartez. Irudi baten hutsunea bere presentzia bezain indartsua izan al daiteke? Eta hala bada, zer egin hutsune horrekin?”.