Bihartik aurrera isunak jarriko dizkiete IGEn sartzen diren baimenik gabeko autoei
Egokitzapen fasea amaituta, 1,2 kilometro koadroko azaleran duen gunean B, C, Eco eta 0 etiketa duten kotxeak soilik sar daitezke.

Urtarriletik abian zen Isuri Gutxiko Eremuaren (IGE) egokitzapen fasea amaitu da. Orain arte, 1,2 kilometro koadroko azalera duen inguruan sartu diren kotxe kutsakorrenen jabeei ohartarazpen bat bidali diete; bihartik aurrera, ordea, 200 euroko isuna jasoko dute, urtean bitan baino gehiagotan errepikatuz gero, %30 gehiagokoa.
Aurrerantzean, B, C, Eco eta 0 etiketa duten kotxeak soilik sartu ahal izango dira IGEn. Horri esker, 2028a arte luzatuko den lehen fasean kotxe kopurua %10 eta isuriak %20-%30 murriztea aurreikusten dute. Data horretatik aurrera, are gehiago mugatuko dute, B etiketadun kotxeak ere kanpoan utzita. Eremuaren hamar tokitan dauden kamerek ikuskatzen dituzte matrikulak eta Ekologia zinegotzi Iñigo Garciak zehaztu duenez, urtarriletik ia 22.000 baimen tramitatu dituzte, gehienak, atzerritarrek, eta 900 bat donostiarrek.
Garciak eta Mugikortasun zinegotzi Olatz Yarzak azken asteetako probaldiari buruzko iritzia eman dute goizean. Espero dituzten emaitzez gain, neurriaren garrantziaren gainean aritu dira. Hala, hiria “aldaketarako prest” dagoela adierazi du Yarzak, eta herritarrak ere “prestu” ikusten dituela. Ondorioetako bat kotxe gutxiago ibiltzea izango bada ere, zinegotziak ohartarazi du asmoa ez dela kotxeen sarbidea mugatzea, “sartzen direnak kutsakorrak ez izatea baizik”, helburua “Donostiako airearen kalitatea hobetzea da eta horren arabera hartu dira neurriak”. Gainera, Erdialdera iristeko aukera asko daudela gogoratu du, garraio publikoaren zerbitzua ona dela eta erabilera hazi egin dela ere gehituz. Halaber, onura gisa aipatu du oinezkoek eta txirrindulariek leku erabilgarri gehiago izango dutela eta hiria garbiago egongo dela.