Martuteneko kartzela eraitsi eta 400 etxebizitza egiteko «aurrerapausoa» eman dute
Txomiñeneko bigarren fasea bideratzeko, lan talde tekniko bat osatu dute Donostiako Udalak, Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak.

Eneko Goiak asteartean iragarritako Martuteneko espetxeari buruzko bilera, gaur goizean egin dute, Eusko Jaurlaritzaren Andia kaleko egoitzan. Kartzela eraitsi eta Txomiñeneko bigarren faseari ekiteko lan ildoak zehaztu dituzte Donostiako Udalak, Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak. Ahalik eta epe motzenean espetxea itxi, eraitsi eta babes publikoko 400 etxebizitza eraikitzeko asmoa berretsi dute.
Adosturikoaren xehetasunak kartzelaren ondoan eman dituzte erakundeetako ordezkariek. Denis Itxaso Etxebizitza sailburua izan da hitza hartzen lehena. “Gaurko bileran aurrerapausoa eman dugu Txomiñeneko bigarren fasea aurrera eramateko. Oso pozgarria da gaur erakundeen arteko erabateko adostasuna lortzea, datozen hilabeteetan egin beharreko urratsak adostu ditugulako”, nabarmendu du Itxasok. Hain zuzen ere, hiru erakundeek lan talde tekniko bat osatu dutela iragarri du, eta “datozen hilabeteetan urratsak egin beharko ditu”. Donostiak “etxebizitza babestua” eraikitzeko beharra duela gaineratu du Itxasok, eta 400 etxebizitza berri egiteko adostasuna garrantzitsua dela esan du.
Espetxearen lursailean etxebizitzak egiteko asmoa aspaldikoa dela gogorarazi du Eneko Goia alkateak: “Kartzelaren egoerak atzeratu du hemen falta den etxebizitzen garapena. Jatorrian, Txomiñenean etxebizitzak egiteko fasea bakarra zen, baina bitan banatu behar izan zen, kartzelaren itxiera atzeratu zelako”. Horiek horrela, alkateak espero du “aurtengoan” Txomiñeneko bigarren faseari ekitea, eta espetxea eraitsi orduko lanean hasteko prest daudela adierazi du: “Guk aurrera egin dugu urbanizazio proiektuarekin, eta eguneratuta daukagu. Planeamendu aldetik, udalak gune hau erabat garatua dauka”. Alkateak ere hiru erakundeen arteko adostasuna nabarmendu du, eta horren adierazgarria dela adostu duten batzorde teknikoa.
Azkenik, David Lucas Espainiako Etxebizitza eta Hiri Agenda idazkariak hitz egin du. Izan ere, Martuteneko espetxearen lurrak estatuarenak dira. “Babesturiko etxebizitzak errazten ahaleginduko gara. Etxebizitza eskuragarriak, babestuak eta prezio egokian eros daitezkeenak izatea nahi dugu”, azaldu du Lucasek. Horrekin batera, aitortu du Espainiako Gobernuak urteak zeramatzala Donostian etxebizitza publikorik babestu gabe. “Etapa berri bat ireki dugu”, nabarmendu du.
Eperik ez
Otsaila bukaeran, Martuteneko kartzela eraisteko epe bat aurreratu zuen Eusko Jaurlaritzak. Hau da, 2026rako botatzea aurreikusten dute. Gaur, ordea, epe zehatzik ez dute eman, baina argi adierazi dute hiru ordezkariek “ahalik eta azkarren” izatea nahi dutela.