Ametsei helduz, gorantz egitearena

REAS
Zuzendaria: Lola Arias · Urtea: 2024 · Herrialdea: Argentina – Alemania – Suitza
Antzerki munduan ibilbide luze eta saritua duen egilea da Lola Arias. Hogei urtetik gorako eskarmentua du antzezlanak idazten eta zuzentzen, eta zinemaren esparrura ere eraman du eskarmentu hori azken urteetan: bere opera prima izan zen Teatro de guerra (2018) filmaren ildoak berreskuratu eta hedatu ditu zinemagileak bigarren lana izan duen Reas (2024) eraikitzeko. Proiektu gisa, Donostia Zinemaldiaren WIP Latam topaketan egin zituen lehen urratsak eta, urtebeteren bueltan, behin filma amaituta, jaialdi bereko Horizontes Latinos sail lehiakorrean aurkeztuta itxi zuen zirkulua.
Beren bizitzako denbora tarte bat preso igaro duen taldearen idiosinkrasia erretratatu du bertan: Yoseli (Yoseli Arias), Nacho (Ignacio Amador Rodriguez), Estefi (Estefy Harcastle), Noe (Noelia LaDiosa), Paulita (Paulita Asturayme) eta Carla (Carla Canteros) karismatikoen bizipenak. Hain zuzen ere, emakume horiek beraiek bilakatu ditu filmeko protagonista, eta pelikuletarako lokalizazio gisa erabiltzen den espetxe hustu batek eskainitako eszenatoki dekadentea baliatuta berreraiki du bakoitzaren historia.
Ostera, ikuspegia existentzia triste eta miserable batzuen aurrean kokatu baino, protagonisten unerik onenak erretratatzea izan da helburua, pasatutakoak pasatuta ere, oraindik irmoak diren haien borrokarako grina eta ametsak azaleratzea. Protagonistak humanizatzen ditu, nolabait. Krimenak epaitu beharrean, bakoitzak gainditu behar izan dituen gizarte oztopoetan jarri du begirada, presoak inongo aukerarik eskaintzen ez zien ingurune horren biktima gisa aurkeztuta.
Eta onartu behar da narratiba interesgarria darabilela Ariasek horretarako, antzezpen lanaz gainera, kantuan eta dantzan ipini baititu aktoreak. Hala, lehen minututan arrotza eta deserosoa begiztatu zaidan arren —pop estetika duen Martin Benchimolen argazkiak, gainera, akelarre hori indartu besterik ez du egiten—, azkenerako, erabaki gozagarria izan dela uste dut. Ezinbestekoa zen doinuak, mugimenduak eta baita gorputzak ere elementu eroale bilakatzea: nola azaldu, bestela, egon daitekeela fantasiarako, jolaserako eta katarsirako tarterik, berez sorgorra, indarkeriazkoa eta errepresiboa den testuinguru horretan.
Izan ere, beti presente dagoen kutsu kitsch hori gorabehera, ez genuke alde batera utzi behar filmak erreparazioari, gorputzari eta komunitateari buruzko gogoeta politiko eta soziala gordetzen duela ere.