«Betidanik prest egon naiz ordaintzeko, ez dut inoiz ezetz esan»
Azora putre funtsak alokairua igo eta mantentze lanak alde batera utzi ditu, Isaac Lagos eta bere familia etxebizitza uztera behartuz. Kaleratzearen aldeko epai bat jaso berri du alokairu greba partziala egiten ari den maizterrak.

Gaur egun, jende askok egoera ekonomiko zailak jasaten ditu, eta etxebizitza duin bat aurkitzea gero eta zailagoa bihurtu da. Horren adibide da Isaac Lagos (Tegucigalpa, Honduras, 1986), Gros auzoko bizilaguna, 2006ko azaroaren 9an Espainiako Estatura iritsi zena. Hasieran egokitzapena zaila izan bada ere, denborarekin bizitza berria eraikitzen joan da, familiarekin etxebizitza bat alokatuz. Hala ere, egoerak ustekabean okerrera egin du.
Duela hiru urte, bizitzen ari zen etxearen jabeak, Ategorrieta hiribideko 73 zenbakian, jakinarazi zion etxea salduko zuela, eta horrek egoera zailean jarri zuen Lagos. «Jabeak etxea saltzeko asmoa zuela jakin nuenean, berehala konponbide azkar bat bilatu behar izan nuen. Hasieran soluzio ona zirudienak, gero, arazoak ekarri zituen», azaldu du. Bost urterako kontratu bat adostu zuen jabearekin, baina bankuak ez zuen onartu. «Dena ondo egiten saiatu nintzen, baina bankuak gure proposamena ez zuen onartu, eta prozesua luzatu egin zen. Hilabete oso zailak izan ziren», gogoratu du.
Egoera konpontzeko, lagun baten gomendioz, Inmobiliaria Vascongada higiezinen agentziarekin harremanetan jarri zen. Honen bidez, Groseko Ategorrieta hiribideko 37 zenbakian alokairu berri bat lortu zuen. «Une horretan, konponbide perfektua zirudien», dio.
Hala ere, baldintzak azkar aldatu ziren: 21 orrialdeko kontratu korapilatsua sinarazi zioten, eta online sinatzeko eskatu zioten. «Ez dut Interneta ondo erabiltzen, eta klausula juridiko asko zeuden. Oso zaila zirudien», adierazi du.
Baldintzak gogortu ziren
Arazoak berehala hasi ziren. «Alokairua igo zuten, gero ordainketa asegurua eskatu zidaten, eta, azkenean, hasieran adostutakoa baino askoz gehiago ordaindu nuen», gogoratzen du Lagosek. Mantentze lanekin ere arazoak izan zituen. «Galdara konpondu behar izan nuen, eta hori ez zen nire ardura. Jabeek ez zuten hori egin, eta legeak ez zituen horretara behartzen». Gainera, etxebizitzaren egoera okertzen joan da. «Hezetasunak, filtrazioak… alergia sortu dit. Etxean egin zituzten gauza bakarrak pintatzea eta ate bat aldatzea izan ziren».
Etxegabetzearen agindua otsailaren 3an iritsi zen, guztiz ustekabean. «Kolpe handia izan zen, bereziki, aurretik abisurik ez nuelako jaso. Guztia bat-batean jakin nuen. Betidanik prest egon naiz ordaintzeko, ez dut inoiz ezetz esan», kontatu du, oraindik ere ezinegona nabari zaiola. Egoera honetan, laguntza juridikoa bilatu zuen eta Saretxe Groseko etxebizitza sindikatura jo zuen orientazio bila.
Etxegabetua izateko arriskuan dago, etxebizitzaren errentaren ordainketan atzeratu egin zen hilabeteko itzulketa egin zuelako bere herrialdetik, Hondurastik, itzultzeko diru hori behar zuelako. Saretxek dioenez, «Isaacen akatsa baliatu dute, kaleratzeko. Baina guk argudiatzen dugu kaleratzearen arrazoia dela Isaac dela alokairuaren greba partziala egiten ari zen bizilagunetako bat, ez ordaintzeagatiko asegurua ordaintzeari uko eginez». Epaiketaren prozesua ez zen erraza izan. «Proba guztiak aurkeztu arren, epaileak enpresaren alde egin du. Frustrazioa handia izan da», aitortu du. Apirilaren 9ra arteko epea du alegazioak aurkezteko, baina egoera ez da erraza izango. Pisu honetan, bere emaztearekin, 8 urteko semearekin, 19 urteko semeordearekin eta koinatarekin bizi da. «Argi daukaguna da honek ez digula eragotziko guri eta gainontzeko auzokideei ahal dugun neurrian borrokan jarraitzea», dio Jon Basterra Saretxeko kideak.
Lagosek apirilaren 9ra arteko epea du errekurtsoa aurkezteko, erabakia berrikusteko eskatuz
Azora putre funtsaren eragina
2020an, Azora putre funtsak Inmobiliaria Vascongada higiezinen agentzia eskuratu zuen, eta horrek esan nahi du enpresak etxebizitzen kudeaketa hartu duela, baina egoerak okerrera egin du. «Galdararekin arazoak izan nituenean, enpresak esan zidan: ‘deitu Madrilera’. Nire kabuz konpondu behar izan nuen bi aldiz», salatu du Lagosek.
Burokrazia bihurtu da beste oztopo handi bat. «Batzuetan, ez zidaten erantzuten. Operadoreak ez zuen ezer konpontzen. Beti Internetera bidaltzen ninduten argazkiak igotzeko, baina ez nuen inolako erantzunik lortzen», nabarmendu du. Basterraren arabera, «gure arazoak burokrazian galtzen dira». Bizilagunak Donostiako Udalarekin harremanetan jarri ziren: «Udalak badaki 2020tik aurrera egindako kontratuak baliogabeak direla, baina ez dute ezer egiten», azpimarratu du Basterrak.
Egoera juridikoa ere zalantzan dago. Saretxeko kideek salatzen dute ordenamendu juridikoak higiezinen funtsaren alde egiten duela eta ez dituela bizilagunen eskubideak bermatzen. «Ordainketa asegurua ilegala da Hirigintza Alokairu Legearen arabera, baina ez da ezer egiten», dio Nico Aran Saretxe sindikatuko kideak.
Gainera, etorkinek «tratu desberdina» jasotzen dutela salatu du Lagosek. Berak eta bere ingurukoek borrokan jarraituko dutela adierazi du: «Ez dugu amore emango, gure eskubideen alde borrokatzen jarraituko dugu».