«Bizitzeko baldintza gizagabeetan» bizi direla salatu dute kaiko bizilagunek
Kaiko 7. eta 8. atarietako bizilagunek hogei urte daramatzate erakundeek euren "infraetxeei" irtenbide bat emateko zain. EH Bilduk udal gobernua interpelatuko du astelehenean, gaiari buruz eztabaidatzeko.

Donostiako kaiko 7. eta 8. atarietako bizilagunek, EH Bilduko zinegotzi Ricardo Burutaranekin batera, agerraldia egin dute ostiral goizean udaletxean, euren etxebizitzen egoera “tamalgarria” salatzeko eta erakunde publikoei eskatzeko “behingoz” irtenbide bat eman diezaietela. Izan ere, hogei urte daramatzate irtenbide baten zain, eta “baldintza gizagabeetan” bizitzen ari dira, “infraetxeetan”: “Gure etxeak, atsedenleku izan beharrean, sufrimendu iturri bihurtu dira”, salatu dute bizilagunek. Hedabide honek etxeen egoeraren inguruko erreportajea argitaratu zuen 2023an.
Zehazki, arazoa atzeragotik badator ere, Parte Zaharreko eta kaiko Plan Berezia onartzeko zain daude bizilagunak, duela bi urte. Ordea, udal gobernuak etengabe “zalantzak eta galderak saihestu eta bere ardurak alde batera utzi” dituela salatu dute. Guztira, zazpi etxebizitza daude bi atari horietan, eta horietako bitan bizi da norbait egun. Bi eraikin horiek eraikin bakar batean batu eta etxe gehiago eraikitzeko proiektua mahai gainean dago duela hogei urte, horren bidez etxeen eta bizilagunen egoera hobetzeko. Ordea, plana geldirik dago eta etxeak eta bizilagunak gero eta okerrago.
EH Bilduk interpelazio bat aurkeztuko du asteleheneko udal batzordeetan, udal gobernuari galdetzeko ea zergatik ez den oraindik onartu aipaturiko plan berezia eta zein fasetan dagoen, ea plan horrek zer aurreikusten duen kaiko eraikin horientzako, ea noiz bildu den azkenekoz udal gobernua Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailarekin gaia jorratzeko eta ea aurreikusita duten eraikin horietan behin-behineko neurriak hartzea.
Hogei urte zain
Duela hogei urte hasi zen “amesgaiztoa”, bizilagunek azaldu dutenez. Eibar Taldea bizilagunekin harremanetan jarri zen orduan bizilagunekin, 7. atarian hutsik zeuden etxebizitzen inguruko informazioa eskuratzeko. Horrela, prozesu baten ondoren, Eibar Taldeak proiektu bat jarri zuen mahai gainean: bi atariekin eraikin bakarra egitea, hamasei etxebizitzakoa eta irisgarritasun egokia izango zuena eta egungo bizilagunak bertan bizitzeko aukera izango zutena.
Odon Elorzaren udal gobernuarekin hasi zen proiektu hori (1991-2011), Juan Karlos Izagirrerenarekin jarraitu zuen (2011-2015) eta Eneko Goiarenarekin 2015etik hona: “2015ean, udal gobernu berriak proiektuari hasieratik babesa eman zion, eta beharrezko izapideak egin ziren”, azaldu dute bizilagunek. Ordea, 2018an, funtsezko aldaketa bat gertatu zen: “Eusko Jaurlaritzak, Kultura Sailaren bidez, lege berri bat onartu zuen, Parte Zaharrean eta kaian edozein hirigintza interbentzio baldintzatzeko”. “Hori gutxi balitz, 2018an, udalak katastroan bajan eman zituen gure etxeak. Hau da, ez gara existitzen”, gaineratu dute.
Eremu osoa Monumentu Multzo izendatzeko legea zen hori eta, lege horrek bidez, babes berezia dute Parte Zaharreko eta kaiko elementu historiko, urbanistiko eta arkitektonikoek. Ordutik, Parte Zaharreko eta kaiko Plan Berezia onartu behar da, oraindik tramitazioan dagoena, kaiko etxebizitzei irtenbide bat emango dien proiektuaren lizentziak onartu ahal izateko. Izan ere, plan berezi horrek zehaztuko ditu Monumentu Multzoan esku hartzeak egin ahal izateko irizpideak eta baldintzak. “Ez da ulertzen zergatik ez zen baliatu 2015etik 2018rako tartea lizentziak emateko, Monumentu Multzoa izendatu aurretik”, nabarmendu du Burutaranek, bera Hirigintza zinegotzi zenean proiektua babestu zutela nabarmentzearekin batera.
Bizilagunek kontatu dute hainbat bilera egin dituztela urteotan Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziarekin eta Eneko Goia alkatea ere bileretako batean egon zela, eta, azken bileran, Arzallusek esan ziela abenduko udalbatzarrera eramango zuela plan berezia onartzeko espedientea: “Jada martxoa da, eta oraindik ez dugu berririk”, deitoratu dute: “Bi urte daramatzagu plan bereziaren zain, eta azken urte osoa euskarara itzultzeko zain egon gara. Bien bitartean, hilero bidaltzen ditugun mezu elektronikoak erantzun gabe uzten dituzte, eta behin eta berriz EAJren egoitzara egiten ditugun deiei ez diete erantzuten”.
“Hori gutxi balitz, 2018an, udalak katastroan bajan eman zituen gure etxeak. Hau da, ez gara existitzen”
Kaiko bizilagunak
“Ondorio humanoak”
Kaiko etxebizitzen egoera txarraren eta duten irisgarritasun eskasaren “ondorio humanoak suntsitzaileak” direla kontatu dute bizilagunek: “Gure auzokide zaharrenetako batek bi iktus izan zituen 2019an. Errehabilitazioaren ondoren, mugikortasun arazoengatik etxetik ateratzeari utzi zion, eta, ondorioz, ezin izan zuen bere funtsezko mediku hitzorduetara joan”. Beste bizilagun batek, gehitu dutenez, pairatzen zuen narriadura kognitiboa eta ondoren diagnostikatu zioten biriketako tumorea zela eta, sei urte pasatu zituen etxetik atera ezinik gabe, 2022an zendu zen arte.
Horrez gain, gogorarazi dute Eibar Taldearen proiektua gauzatzera zihoala pentsatuz, kaiko etxe horietako baten jabeek euren maizterrak etxea uztera behartu zituztela, baina plana geldirik dagoenez, “etxea hondatu” egin dela, “galera ekonomikoak ez ezik, moralak ere eraginez”.
Eta, bestelako arazo batzuk ere ekarri dituzte hizpidera: bizilagun batzuen etxeetako hoditeria hondatuta dago eta ezin da komuneko papera komunetik bota, beste baten etxeko komunean ura sartzen da euria egiten duenean eta sabaiaren zati bat ohe gainera erori zen eta, etxe batean, “zuzenean, ezin da sartu”.