Donostian jarriko dute IBM Quantum System Two ordenagailu kuantikoa
Eneko Goia alkateak goraipatu egin du: "Azken urteotan zientzia eta ezagutzaren arloko nazioarteko erreferente izateko hiriak egin duen apustuari bultzada ematen dio".

Eusko Jaurlaritzak eta IBM enpresa estatubatuarrak atzo iragarri zuten Europako lehen IBM Quantum System Two ordenagailu kuantikoa Donostian instalatzeko plana. Hain zuzen ere, Ikerbasque Fundazioa Ibaetako campusean eraikitzen ari den IBM-Euskadi Quantum Computational Center egoitza berrian jarriko dute. Hasieran, IBM Quantum System One instalatzea aurreikusi zuten, baina akordioa eguneratu ondoren, IBMren sistema kuantiko modular aurreratuena hedatzea erabaki dute.
Imanol Pradales lehendakariak eta Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak iragarri zuten atzo, Jay Gambetta IBM Quantumeko presidenteordearekin batera, IBM Thomas J Watson Research Centerrera egindako bisitan, New Yorken (AEB). Juan Ignacio Perez Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburua ere han izan zen.
Eneko Goia Donostiako alkateak goraipatu egin du iragarpena: “Azken urteotan zientzia eta ezagutzaren arloko nazioarteko erreferente izateko hiriak egin duen apustuari bultzada ematen dio”. Izan ere,Donostia Europako bigarren belaunaldiko lehen ordenagailu kuantikoaren egoitza izango da, eta mundu osoko bakarrenetakoa. Eraikina Ibaetako campusean eraikitzen ari dira, aliantza instituzionalari eta lankidetza publiko-pribatuari esker, Euskadi Quantum estrategian zehaztuta.
Alkateak uste du “mugarri hau jauzi erraldoia izango dela hiriarentzat nazioarteko proiekzioari dagokionez, baita talentua eta ezagutza aurreratua atxikitzeko eta erakartzeko gaitasunari dagokionez ere”. Goiak gogorarazi duenez, “Donostiak urte asko daramatza ikerketa, teknologia aurreratu eta ezagutzan erreferentzia-polo gisa finkatzeko hiri-estrategia bat bultzatzen, eta horri esker azpiegitura horrek egoitza hemen izatea erabaki ahal izan da”.
Bestalde, gogora ekarri du ikerketa independenteek adierazten dutela Gipuzkoako hiriburua estatuko lehena dela I+G+Bko inbertsioari dagokionez, Europako batez bestekoaren gainetik. “Zientzia eta ezagutzaren poloen elitean jokatzen ari diren hirien artean bere lekua duen hiria da Donostia. Hori da bidea, bere fruituak ikusten ari gara, eta gure etorkizuna eta donostiarren aberastasuna eta bizi-kalitatearen hobekuntza estrategia horrekin estuki lotuta daude “, adierazi du Goiak.