«Euskara politizatu behar dugu»
Biziberritu egin da Euskal Herrian Euskaraz plataforma (EHE) eta, besteak beste, independentista gisa deklaratu du bere burua, ofizialki. Duela gutxi sortu da, baita ere, Donostiako EHEren taldea, eta zalaparta handia sortu du berriki bi kidek Tolosako inauterietan Renfeko segurtasuneko langile batengandik jasandako erasoa. Horren inguruan eta bestelako gai askoren inguruan mintzatu dira Igor Lozano Lazkano (Getaria, 1997) eta Ilhun Gil de San Vicente (Morlans, 2007) kideak.

Gaurkotasunetik has gaitezen: zer moduz daude Tolosako erasoa pairatu zuten bi kideak?
Ilhun Gil de San Vicente (I.G.S.): Ondo daude, zorionez. Tolosako inauterietan, tren geltokian, Renfeko segurtasunean lan egiten duen gizon bat gaztelaniaz hitz egiten hasi zitzaien. Beraiek eskatu zioten «mesedez» euskaraz hitz egiteko, eta jazarriak izan ziren. Horietako bat lurrera bota zuen gizonak eta bertan eduki zuen.
Igor Lazkano Lozano (I.L.L.): «Euskaraz» hitzak piztu zuen gizona. Gure kidea lasai egon zen une oro, esanez ez zeukala eskubiderik egiten ari zena egiteko. Gainera, berak bazekien gizonari aurre eginez gero, askoz gehiago okertu zitekeela egoera eta galtzekoak zituela. Aintzat hartzekoa da, autoritatea duen pertsona batek gaztelaniaz eta jarrera horrekin hitz egitean, gure kideak «mesedez» eskatu izana euskaraz hitz egiteko eta une oro jarrera lasaia eduki izana.
I.G.S.: Euskaldun guztiok horrela jokatu beharko genuke halako erasoen aurrean, eta, horregatik, eskertzekoa da bere ausardia.
Kasu isolatutzat hartu duzue?
I.G.S.: Azkenaldian gertatzen ari diren euskararen aurkako erasoak ezin ditugu modu isolatuan ikusi, baizik eta joera zabalago baten barruko zerbaiten moduan. Zabaltzen ari diren jarrera faxisten ondorioz ugaritzen dira, baita ere, horrelako erasoak, eta ezin ditugu kasu isolatutzat hartu.

Ilhun Gil de San Vicente eta Igor Lozano Lazkano, Donostiako EHEko kideak.Joseba Parron San Sebastian
2024an sortu zenuten Donostiako Euskal Herrian Euskarazeko taldea. Nondik dator ideia?
I.L.L.: EHE ia-ia hilzorian egon zen urte batzuez eragile gisa, baina, azken urteotan, berriz indarra hartu du. 2024an hasi zen martxa hartzen Donostiako egungo taldea, eta, azkenaldian, jende dezente sartu da. Eta, egiten ari garen lana bere fruituak ematen ari da.
Gure bereizgarria da guk egiten dugun irakurketa dela euskararen aldeko borroka instituzionalizatu egin dela hein batean, eta guk uste dugula euskararen aldeko aldarriak, instituzioetan ez ezik, kalean ere egon behar duela: manifestazioak, propaganda politikoa, pintaketak, pankartak, erasotzaileak seinalatu… Zentzu horretan, guk ekarpena egin dezakegula uste dugu, instituzioetako lanak muga argiak dituelako. Oldarraldian ikusten da hori oso argi, askotan epaileek markatzen dutelako erakunde publikoek egiten duten lanaren muga.
Zer dinamika garatzen ari zarete Donostian?
I.L.L.: Hainbat lanketa egin ditugu mobilizazio batzuei begira, eta propaganda politikoan fokua jartzen ari gara, bereziki. Eta isunak jaso ditugu horregatik; azkena, San Tomas egunean.
Autokritika moduan, esan behar da gehienetan Parte Zaharrean egiten dugula propaganda politikoa, gehienak hor bizi garelako eta joera dugulako hor garatzeko gure dinamikak. Baina egia da konturatu garela beste auzo batzuetan eraginkorragoa dela euskararen aldeko propaganda politikoa, segur aski, Parte Zaharrean baino behar handiagoa dagoelako auzo batzuetan. Horregatik, aurrera begira landu nahi dugun zerbait da, Donostiako beste auzoetara zabaltzearena gure mugimendua eta presentzia handiagoa izatearena auzo horietan. Eta, elkarlanerako irekita gaude, noski.
EHE 1980ko hamarkadatik dago aktibo. Nolako bilakaera izan du?
I.L.L.: Joera dugu iragana idealizatzeko. Boteprontoan, esan dezakegu jendea borrokalariagoa zela lehen, baina ez dakit horrenbeste idealizatu daitekeen hori. Agian bai epeldu da pixka bat euskararen aldeko borroka, askotan badirudielako zerbait lortzen denean, otzandu gaitezkeela.
«Pixkanaka, ari gara giroa euskalduntzen, eta horren erakusgarri da Donostiako EHE gaztetzen ari dela, nabarmen»
Ilhun Gil de San Vicente, Donostiako EHE
Badago gazteen artean euskararen alde borrokatzeko grina?
I.G.S.: Badago, bai. Egia da gazte askok ez dutela euskara oso kontuan edukitzen, gure belaunaldiak euskara txikitatik eduki duelako presente, azterketak egiteko hizkuntza izan da, eta abar. Baina nik uste dut pixkanaka ari garela giroa euskalduntzen, eta horren erakusgarri da Donostiako EHE gaztetzen ari dela, nabarmen.
I.L.L.: Euskararen aurkako zapalkuntzaren kontzientzia pixka bat galdu du gure belaunaldiak. Agian, gazte askori iruditzen zaie euskara dela eskolako zerbait, inposatutako zerbait: ikasten duzu txikitan, baina ez duzu erabiltzen eta, azkenean, ahaztu egiten zaizu. Horregatik, garrantzitsua da euskararen aldeko kontzientzia belaunaldiz belaunaldi eta inguruan transmititzea eta, zentzu horretan, euskara politizatu behar dugu.
Errenteriako lagun batek esan zidan euskara hautu politiko gisa erabiltzen duela, militantzia gisa. Hori, niretzat, herri nahiko euskaldun batean jaio eta hezi naizenez, ez da horren ohikoa. Baina, Donostian asko gertatzen da hori. Eta horri buruz hausnartu behar dugu, zeren, beti egongo da jende kontzientziatua, euskara erabiltzeko hautu militantea egingo duena, baina euskara irakastetik harago ez bagoaz, erabilera zabaltzen ez badugu, gutxi izango dira hautu hori egingo dutenak. Azken finean, errazenera jotzeko joera dugu beti, eta errazena gaztelaniara jotzea da.
Garai batean, euskalduntzearen aldeko mugimendu indartsua sortu zen Euskal Herrian. Iñaki Iurrebaso soziologoaren ikerketa entzutetsuaren ondorioetako bat da, aldiz, gaitasunean jarri behar dela fokua.
I.L.L.: Hein batean, gauza positibo bat atera nuen berak esan duenetik: dakigunerako, asko erabiltzen dugula. Izan ere, orain arte, askotan esan izan dena da jendeak badakiela euskaraz, baina ez duela erabiltzen. Aldiz, Iurrebasoren ikerketak dio, besteak beste, gaitasunean jarri behar dela fokua, euskaraz dakiten pertsonen ehuneko txiki bat sentitzen dela eroso euskara erabiltzen: Euskal Herriko hartu-emanen %15 inguru euskaraz direla dio, eta hiztunen %8ak erabiltzen duela euskara erosotasunez. Hau da, %8tik %15era dagoen tarte horrek euskaldunen kontzientziari erantzuten dio. Beraz, pesimistak izateko arrazoiak eta joera baditugu ere, badaude baikorrak izateko arrazoiak ere.

Euskararen aurkako erasoak salatzeko eta Euskal Errepublika aldarrikatzeko pintaketa denbora luzez egon da Donostiako epaitegietan.EHE
Euskara aparteko borrokatzat irudikatu izan da, askotan. Ezin al dira euskaratik garatu gainontzeko borroka sozialak?
I.G.S.: Euskara euskaldunon izaeraren oinarria da, eta, beraz, euskararen aldeko borrokari eustea beste borroka guztiei eustea bezain garrantzitsua da, hizkuntza delako batzen gaituen gauzetako bat.
I.L.L.: Zapalkuntza mota asko daude gizartean, eta garrantzitsua da zapalduon arteko harremanak eta batasuna sortzea, baita elkarrekin borrokatzea ere. Norbaitek uste badu euskararen aldeko borrokak kalte egiten diola langile borrokari edo bestelako borroka bati, oker dabil, eta alderantziz pentsatzen duena ere bai. Izan ere, ideia emantzipatzaileen aldekoak garenok elkarri lagunduz, zapalduon arteko harremantzetik, lortuko dugu aurre egitea eta gizarte hobe bat eraikitzea.
Afera batekin sentsibilitate berezia edukitzeak ez duela esan nahi beste zapalkuntzekin kezkatuta ez zaudenik, ezta zapalduon arteko borroka komuna aurrera eraman nahi ez duzunik ere.
Donostia Euskararen Hiria dela esan ohi da. Hala da?
I.G.S.: Nik etxetik jaso dut, nabarmen, euskarari duen garrantzia ematearen ideia, baina gero, ikusi dut gizartean hori ez dagoela horren zabaldua. Asko markatu nau, esaterako, eskolatik atera eta gurasoak haurrei gaztelaniaz hitz egiten ikusteak, jakinda haurrek badakitela euskaraz. Euskararen Hiria deitu ahal diogu Donostiari, baina euskara erabili behar da, ez soilik jakin.
I.L.L.: Donostia Euskararen Hiria kontzeptua helburu edo propaganda gisa erabili daiteke, baina benetan norbaitek pentsatzen badu Donostia euskararen hiria dela, esango nuke pertsona hori ez dela asko ibiltzen Donostiatik.
Bide luzea daukagu aurretik euskararen hiria izateko, eta, orokorrean, Euskal Herria benetan euskalduna izateko. Baina, kontuan eduki behar dugu, baita ere, guk lan handia egiten badugu ere, badaudela egiturazko elementuak, ortzi muga horri oztopo handiak jartzen dizkiotenak: bi estaturen arteko zapalkuntza egoera eta autonomiak erakusten dituen mugak, besteak beste. Horrek horrela jarraitzen duen bitartean, euskara ez da izango Donostiako eta Euskal Herriko hizkuntza hegemonikoa. Hori da, hain zuzen ere, Euskal Herrian Euskarazen helburu nagusia.
«Norbaitek uste badu euskararen aldeko borrokak kalte egiten diola langile borrokari edo bestelako borroka bati, oker dabil»
Igor Lozano Lazkano, Donostiako EHE
Hain zuzen ere, lehen aldiz, independentista gisa agertu du bere burua EHEk.
I.G.S.: Euskal Errepublikak bermatu beharko luke euskara guztiz babestuta egotea, eta argi dugu hori dela bidea.
I.L.L.: Euskara babesteko egitura politiko eta juridiko bat sortu beharko luke Euskal Errepublikak, eta egitura horrek bultzatu beharko luke euskara de facto beharrezkoa izatea. Izan ere, gaur egun, de facto beharrezkoa dena gaztelania da. Helburua ez da gaztelania ez erabiltzea, baizik eta euskara sustatzea modu batean, zeinen arabera, euskara beharrezkoa izango den eta jendea animatuko duzun euskara ikastera eta erabiltzera. Horretarako, kontua ez da euskara legez inposatzea; gizarteak onartuko duen modu batean egin behar dira gauzak, euskara ikasteko eta erabiltzeko baliabideak eta babesa emanez. Herriaren babesa nahi baldin badu euskarak, herriarekin batera garatu beharko da euskara hizkuntza hegemonikoa izatera eramango duen prozesua