Donostiako 'Monopoly'-a irudikatu du EH Bilduk, etxebizitza ez dela «jolasa» aldarrikatzeko
Etxebizitza eskubidearen aldeko dinamika mobilizatzailea abiatu du EH Bilduk Donostian. Oskar Matute Espainiako Kongresuko diputatuak eta Izar Hernando Donostiako Udaleko zinegotziak EAJren eta PSE-EEren politikak kritikatu dituzte.

Monopoly erraldoi bat irudikatu du EH Bilduk igande goizean Gipuzkoa plazan, Donostiako etxebizitzaren egoera salatu eta etxebizitza eskubidea aldarrikatzeko. Hiriko hainbat auzotako etxebizitzen prezioak zituzten txartelak eta koadroak lurrean jarrita, dadoa botatzen aritu dira, etxebizitza onena eskuratu nahian. Horrela, hiriko etxebizitzaren merkatuak pairatzen duen espekulazioa eta herritarrek etxebizitza duin bat eskuratzeko dituzten zailtasunak salatu nahi izan dituzte, Etxebizitza ez da jolasa lelopean.
Datozen asteetan, Euskal Herriko hainbat udalerritan antzeko dinamikak garatuko dituzte, “etxebizitza eskubidea aldarrikatzeko”. Gaurkoan, Oskar Matute Espainiako Kongresuko diputatuak eta Izar Hernando Donostiako Udaleko zinegotziak hartu dute hitza.

Oskar Matute Espainiako Kongresuko diputatuak eta Izar Hernando Donostiako Udaleko zinegotziak hartu dute hitza.Joseba Parron San Sebastian
Matutek nabarmendu du “etxebizitza eskubidea bermatzea” dela “EH Bilduren lehen mailako lehentasuna”: “Gure alkate eta udalek beraien egunerokoan erakusten dute hori. Egoera triste honetara ekarri gaituzten horiek betiko etxebizitza politikak egiten jarraitzen dute. Makillaje politikak ez dira nahikoak egoera honetan. Blokeo politikak ere ez. EAJ eta PSE-EE erakusten ari dira ez direla gai arazo honi konponbidea emateko”.
Ildo beretik, Hernandok salatu du Donostia dela “etxebizitza larrialdiaren adibide nagusia”: “Hemen, etxebizitza, eskubide baino, luxu bilakatu dute: azken hamarkadan, 4.000 donostiar gaztek inguruk hiritik alde egin dute etxebizitzaren prezio jasangaitzagatik, eta bitartean, gero eta gehiago dira etxejabe handienak diren etxebizitzak, 3.000 inguru, eta gero eta gehiago dira funts putreak”.

EH Bilduk Donostiako etxebizitzaren egoeraren inguruko parodia egin du Gipuzkoa plazan.Joseba Parron San Sebastian
Era berean, etxebizitza publikoen eskasia hizpidera ekarri du zinegotziak: “Etxebizitza parkearen %4 besterik ez da babestua, legez, ezarritako %20ko helburutik oso urrun”. “Babes publikoko etxebizitza berriak sustatu behar dira eta ahalik eta gehien eskuragarria izango den alokairura bideratu. Etxebizitza hutsen jabeei etxebizitza kanona ezarri behar zaie, etxe horiek alokairu merkatura bideratzeko (Azpeitian hasitako bidea jarraituz). Donostia, behingoz, tentsio handiko eremu izendatu, eta horren bidez, alokairuaren prezioak mugatu”, gaineratu du zinegotzi donostiarrak.