Euskaraldian izena emateko epea, zabalik

Bi hilabete gelditzen dira Euskaraldia hasteko (maiatzaren 15etik 25era izango da), eta atzo (hilak 15) egin zuten norbanakoek izena emateko epearen irekiera ekitaldia, Gasteizko Izaskun Arrue kulturgunean. Horrela, Euskal Herri osoko ahobizi eta belarriprest-ek euskararen erabilera sustatzeko egitasmo erraldoian parte hartzeko izena eman dezakete, Euskaraldiaren webgunean.
Dozenaka herritar egon ziren ekitaldian, baita erakunde publikoetako ordezkariak, batzordeetan aritzen direnak eta entitateetako kideak ere, besteak beste. Euskaraldiaren nondik norakoak azaltzen, bestalde, Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariordea eta kultura eta hizkuntza politikako sailburua; Ana Ollo Nafarroako Gobernuko bigarren lehendakariordea eta memoria eta bizikidetzako, kanpo ekintzako eta euskarako kontseilaria; Irati Iciar Taupako lehendakaria eta Goiatz Urkijo Euskaraldiko koordinatzaile orokorra aritu ziren.
Hizlari guztiek nabarmendu zuten Euskaraldiak euskararen erabilerari egiten dion ekarpena: “Beti aipatu dugu Euskaraldia dela euskararen alde egotetik, euskararen alde egitera pasatzeko jauzia emateko ariketa. Euskaraldiak, beraz, txapa jartzetik haratagoko lanketa eskatzen du: hausnarketa, jarrera, bakoitzak bere burua erronkan jartzea…”, adierazi zuen Urkijok.