Igeldok toki entitate txikiaren sorrera ospatu du
Martxoaren 6an batzorde kudeatzailea eratu ondoren, atzo sorrera festa egin zuten Igeldoko plazan.

Egun osoko egitarauarekin ospatu zuten atzo Igeldoko toki entitate txikiaren sorrera festa. Goizetik iluntzera bitarte, Igeldoko plazan hainbat jarduera egin zituzten haur, gazte zein helduentzako.
Herritarrak plazara gerturatzen hasi ziren, 11:30etik aurrera. Kalejira bat egin zuten buruhandiekin lagunduta, eta egungo trikiti eta pandero ikasleek giroa jarri zuten. 12:00etan egin zuten hamaiketakoa, eta sorrera festaren ekitaldia 12:30 inguruan hasi zen. Kantujira taldeko jubilatuak izan ziren oholtzara igotzen lehenak, eta Aitor Mendiluzek Igeldori jarritako bertsoak kantatu zituzten. Ondoren, Imanol Lizarazuk beste bertso batzuk kantatu zituen Igeldoren historia, ibilbidea eta toki entitate txikiaren sorrerari erreferentzia eginez.
Igeldoko Herri Kontseiluko presidente izandako Eneko Dorronsorok eta Ainhoa Gorostidik hitz egin zuten. Dorronsoro TET batzorde kudeatzaileko ordezkaria da orain. Herritarrei eskerrak eman zizkieten, eta toki entitate txikia Igeldorentzat “aurrerapausoa” izango dela nabarmendu zuten. Jarraian, Auzolani, Herri Kontseiluari eta Itxas Aurre elkarteari aitortza egin zieten, eta urte hauetan guztietan bertako kide izandakoak oholtzara igo ziren. Herriko dantza taldekoek aurreskua dantzatu zieten.
Ekitaldia bukatzeko, Iker Dorronsorok konposaturiko eta Jon Maiaren letra duen Berde eta urdina abestia jo eta eskolako umeek abestu zuten. Horrekin batera, plazako balkoian toki erakunde txikiaren ikurra jarri zuten. Ekitaldia oso hunkigarria izan zen, eta bat baino gehiago malkoei eutsi ezinda ibili zen.
Festa, ordea, hasi baino ez zen egin. Herritarrek hartu zuten plaza, eta giro ederrean gozatu zuten luntxarekin. 17:00etan erromeria hasi zen, Izer Alabierrekin, eta dantzan aritu ziren haur, gazte eta ez horren gazteak, atsedenik gabe. Tamalez, euriak zertxobait zapuztu zuen dantzaldia, baina atertu zuenean, erromeriari jarraipena eman zioten. Azkenik, festa 20:30 inguruan bukatu zen.