Unax Otegik eskuratu du denboraldiko lehen podiuma
Donostialdea Bizikletaneko txirrindulari gaztea hirugarren sailkatu da Azpeitiko San Jose Sarian.

Denboraldi hasiera txukuna egiten ari da Unax Otegi Donostialdea Bizikletaneko txirrindularia. Egutegiko lehen bi probetan onenekin sailkatu ondoren, atzo hirugarren izan zen gazte mailako Azpeitiko San Jose Sarian. Markel Aranaz (Baque Movistar Team) izan zen irabazlea, eta Eñaut Urkaregi sailkatu zen bigarren (Danena Tolosa).
Taldeko beste sei txirrindularik bukatu zuten lasterketa: Unai Iturrate (17. postuan), Martin Leblanc (30.), Janin Aguerre (35.), Aimar Capdequi (48.), Hugo Rayo (70.) eta Unai Hernandez (74.). Taldeka, hirugarren postua eskuratu zuen Donostialdea Bizikletan taldeak.
Kadeteak, Zarautzen
Larunbatean, berriz, kadete mailako Zarauztarra Saria jokatu zen, eta Santiago Roa izan zen Donostialdea Bizikletaneko ziklista onena. Hamaikagarren postuan sailkatu zen, Xabat Martin (Andoaingo Txirrindulari Eskola) irabazlearengandik 57 segundora.
Roaz gain, taldeko beste zortzi txirrindularik amaitu zuten proba: Oihan Betelu (14. postuan), Danel Conde (22.), Anje Larburu (28.), Oier Perez Ruiz de Cortazar (49.), Manex Barace (52.), Aimar Moreno (53.), Aimar Zapiain (63.) eta Ekhi Garmendia (98.). Taldeka, laugarren postua eskuratu zuen Donostiako taldeak.