Eneko Goiak dio kaiko etxebizitzen arazoaren atzean erakundeen arteko desadostasuna dagoela
Parte Zaharreko eta kaiko plan bereziaren hasierako onarpena apirilerako lortzea espero du udal gobernuak.

Kaiko 7. eta 8. atarietako bizilagunak “haserre eta harrituta” atera ziren atzo euren etxebizitzen afera jorratu zuen udal batzordetik. Bizilagunek ohar baten bidez salatu zuten “ziurgabetasun egoera batean” daudela, “udalaren aldetik erantzun argirik edo ekintza zehatzik jaso gabe”. Horren inguruan galdetuta, Eneko Goia alkateak adierazi du “gai konplexua” dela, baina udal gobernua irtenbide bat lortzeko lanean ari dela.
“Parte Zaharra eta kaia Monumentu Multzo direnetik, eremuan eskumenak dituzte udalak ez ezik, baita Gipuzkoako Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak ere. Monumentu Multzoak kalteturiko etxebizitzen horma mantendu behar dela dio, eta, ondorioz, etxebizitza horiek egokitzeko lizentziak ezin dira onartu”, azaldu du Goiak. Hori dela eta, Parte Zaharreko eta kaiko plan berezia tramitatzen ari da udal gobernua, aipaturiko lizentziak onartzeko aukera eman dezakeelako. Plan horren hasierako onarpena apirilerako lortzea aurreikusten du alkateak.
“Posizionamendu zurrunak”
Parte Zaharrean eta kaian eskumena duten erakundeen artean desadostasuna dagoela aitortu du Goiak: “Nik ez dut ukatuko, egoerak kezkatzen nau. Plan berezi bat aurreikusi dugu, baina horrek ez du esan nahi beste erakundeek alegazioak aurkeztuko ez dituztenik”. Ildo beretik, adierazi du gai honen inguruan “posizionamendu zurrunak” daudela, batez ere, Gipuzkoako Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren aldetik. “Guk gurea egingo dugu, baina ez du esan nahi beste erakundeek espedientea oztopatuko ez dutenik”.
Gogoratu behar da, kaiko bizilagunek hogei urte daramatela zain erakundeek euren egoerari irtenbide bat emateko. Pasa den ostiralean, udaletxean azaldu zuten bizi duten egoera.