Illunbeko eremu komertziala eraitsiko dute enpresa bioteknologikoen gunea eraikitzeko

Donostiako Udalak Zermatt Equity enpresari lizentzia eman dio Illunbeko eremu komertziala —b.20.1 lursaila— eraitsi eta Columbus Biotech Hub enpresa teknologikoaren gunea eraikitzeko. Ikerketa eta produkzio laborategiak, I+G, bulegoak eta coworking guneak, eta zerbitzu administratiboak jarriko dituzte.
“Duela aste batzuk lursaila saldu ondoren, Euskadiko Parke Teknologikoa hedatzeko proiektuaren lehen zatia hasi da, zientziarekin eta ezagutzarekin lotutako proiektu estrategikoak ezartzeko espazioen eskaerari erantzuteko”, azaldu du Eneko Goia alkateak. Garapen horri esker, “berrikuntzaren alorreko lehen mailako enpresek hiria abangoardian” jarriko dutela gaineratu du.
Otsaila bukaeran, Columbus Venture Partners inbertsio funtsari saldu zion udalak Illunbeko lursaila, 9,5 milioi euroren truke. Orduan, Columbuseko sortzaile eta presidente eta Viralgen enpresako presidente Javier Garcia Cogorrok adierazi zuen 80 milioiko inbertsioa egingo dutela bertan zentroa eraikitzeko. Bi fasetan eraikiko dute, “urgentzia” handia dagoelako.
“Horri esker, enpresak ezarri eta hazi ahal izango dira bizitza zientzien eta teknologia kuantikoen arloan, enpresa garapenerako eta lankidetzarako ingurune ezin hobean. Proiektua joint venture gisa egingo da Quercus Investments-ekin —higiezinen inbertsioan eta kudeaketan espezializatutako kudeatzailea—, eta Gipuzkoa eta biozientzien sektorea ezagutzen duten inbertitzaile pribatuak izango ditu”, azaldu du udalak.
Proiektuaren lehen fasea —bertan espazioaren %40 erabili ahal izango da— 2026aren amaieran egongo da erabilgarri, eta proiektuaren amaiera 2027aren bukaerarako aurreikusten da.