Intersex aktibismoak «bitartasunari xakea» egiten dio, Donostian ere bai
Mer Gomez aktibista intersexak bere bigarren liburua aurkeztu zuen pasa den ostegunean, Egian. Eihera Plazak jaso zuen hitzaldia, eta ezagutzak eta bizipenak partekatu zituzten, azaletik kontatzea, jakinduria partekatzea eta komunitatearen elkarretaratzea xede zuen arratsaldean.

Mer Gomez (Salamanca, Espainia, 1991) aktibista intersexak argitaratu berri duen Las hermafroditas del siglo XXI liburua aurkeztu zuen pasa den ostegunean, Egian, eraldaketa feministan eta LGTBI+ lanetan aritzen den Eihera Kooperatibaren eskutik.
Maider Galardi eta Kattalin Miner kazetariek gidatu zuten hitzaldia, edukiari naturaltasuna eta kazetarien arteko solasaldia eskainiz. Mer Gomez aktibista eta idazlea izateaz gain, kazetaria badelako ere. Kazetaria eta Ikasketa Feministetan eta Generokoetan doktorea. Formakuntzak eta tailerrak ematen ditu, eta dibulgatzailea eta sortzailea ere bada –La rebelión de las hienas liburuaren autorea da–. Horrela aurkeztu zuen Galardik aktibista intersexaren ibilbidea eta ibilaldia, irrikaz gerturatu ginen entzule taldeari.
Aitortza politikoa
Interesexa zer den ez dakien irakurlerik balego, jakin intersexualitatea LGTBI+ kolektiboaren “I” hori dela. Gomezek argitaratu duen azken liburuaren lehendabiziko orrian horrela definitzen du: “Pertsona bat intersexa edo intersexuala dela esaten da jaiotzean dituen ezaugarri sexualek –kromosomak, hormonak, gonadak edo genitalak– ez dutelako bat egiten gorputz maskulinoaren edo femeninoaren definizio bitar ohikoarekin”. Idazleak intersexaren kontzeptu politizatua erabiltzen du bere tesiaren liburu honetan, eta parean duzuen testuak begirada berdina hartu du.
Politizazioarekin jarraituz, Minerrek irmoki azaldu zuen “aitortza falta eta zor historikoa” dugula aktibismo intersexarekin, eta ezezagutzari erantzuteko, “ardura politikoz” jokatu behar dugula. Izan ere, LGTBI+ kolektiboaren letra bakoitzak bere prozesu eta behar propioak deitu, erritmoak ere anitzak izanik. Feminismoaren eskutik ekarri genituen armairutik ateratzeko aukerak eta bereziki egungo transfeminismoak dakar trans eta intersex mugimenduaren aldeko borroka. Begirada honetatik abiatu zen osteguneko solasaldia, eta kontakizunen hutsuneari erantzuteko erreferenteen beharraz eta desarmarizazioaz mintzatu ziren, besteak beste.
Kontzeptuak birdefinituz
Kattalin Minerrek goraipatu zuen Gomezen tesia eta hau lantzeko erabili zituen tresnak: hamar emakume intersexen bizipenak elkartu ditu, eta subjektu politiko diren hauek ikerketa subjektu bihurtu ditu. Tesiaren bitartez, idazleak definizio, enuntziatu eta kontaketak berridatzi ditu sololiquio corporal teknika sortuz: hauek, pandemia garaian egindako bakarrizketak dira, bere burua audio bidez grabatu eta audio hauek ikerketarako sailkatu dituelarik. Hala, idazleak azaltzen duen moduan, “tresna honek balio izan du amankomunean ematen diren gertaerak identifikatzeko eta elkarren artean intersexaren diskurtso teorikoaren inguruan eztabaidatzeko”.
Hamar emakume intersexen bizipenak elkartu ditu, eta subjektu politiko diren hauek ikerketa subjektu bihurtu ditu.
Gomezek hiru gertaera identifikatzen ditu hamar emakumeen arteko solasaldietan agertutako ideietatik eta ekarpenetatik abiatuta: despatologizazioa, diagnostikoaren garrantzia desmedikalizazio prozesuari lotuta; desarmairutzea, gazteleraz desarmarización deitzen diona, intersex gisa armairutik ateratzea eta, azkenik, gorputzeratzea, gazteleraz acuerpamiento erabiltzen du liburuan, komunitate berdineko pertsonekin kolektibizazioa edo elkarretaratzea. Aurkezpena gorpuztu zutenek buruarekin gora eta behera egin zuten hiru kontzeptuak entzutean, euren burua identifikatua sentitu zutenaren seinale, edo autorearekiko eta intersex komunitatearekiko enpatia eta babesa helaraziz.
“Bitartasunari xakea”
Errealitate intersexek, jaiotzetik, sistemaren ordena bitarra apurtzen dute, eta, gainera, aktibismoak intersex izateko modu anitzen alde egiten du. Honek, mahai gainera ekartzen du malgutasunaren garrantzia, eta aniztasunak bizitzari ekartzen dizkion onurak eta begirada permisiboa erdigunera ekartzen ditu. Bizitza bera ez delako horren zorrotza eta sistema kapitalista eta heteronormatibitatea oinarri duen orden sozialak edaten duelako zurruntasunetik. Hala, intersexak, zuzenean, sistema bitarrari xakea egiten dio –xake-matea, esango nuke nik–.
Errealitate intersexek, jaiotzetik, sistemaren ordena bitarra apurtzen dute, eta, gainera, aktibismoak intersex izateko modu anitzen alde egiten du.
Gainera, autoreak bere liburuan planteatzen ditu, baita ere, erotikari eta desioari dagozkion galderak, aurkezpenean plazaratu zituenak: “zeri deitzen diogu desira? Zergatik ikasi dugu gorputz batzuk desiratzen eta beste batzuk ez? Orduan, zeintzuk dira desira daitezkeen gorputzak eta zein gorputzek desira dezake?”.
Hainbesteko galderak eta ekarpenak egin zituen Mer Gomezek Eihera Plazan, bizitzaren beraren eta sistemaren iruditeria zertxobait gehixeago aldatu egin zitzaigula. Zorionekoak gu.
Azken batez, Las hermafroditas del siglo XXI liburuak ikusgai bihurtzen ditu akzioan eta ekintzan aktibo dauden subjektu politiko intersexak, eta hauek dira ere orainaren eta gertuko etorkizunaren erreferenteak: sistema bitarra jaiotzetik apurtzen dutenak, transfeminismotik harremantzeko ausardia dutenak, eta maskulinitatea eta feminitatea ulertzeko begirada luzatzen eta samurtzen dutenak.