Amale Arzelus Arrietari buruzko liburua aurkeztuko dute gaur Aiete Jauregian
Euskaltzale donostiarra irratian euskaraz aritu zen lehen emakumezkoa izan zen.

Sabino Arana Fundazioaren Euskal Abertzaletasunaren Museoak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean Arzelus Arrieta’tar Amale. Nere Oroimenak liburua argitaratu du. Gaur arratsaldean aurkeztuko dute Aiete jauregian, 18:30ean.
Amale Arzelus Arrieta (Donostia, 1924-2015) irratian euskaraz aritu zen lehen emakumezkoa izan zen, 8 urte besterik ez zituen. Amaleren aita, Ander Arzelus Luzear, EAJ-PNV alderdiko Euzkadi Buru Batzarreko kide izan zen eta kultur jarduera ugariren sustatzailea, besteak beste, antzerkiari eta irratiari lotutakoak, euskaraz beti. Amale oso gaztetatik blaitu zen giro politiko eta euskaltzale horretan.
Liburuan, bere bizitzako hainbat arlo erakusten dira, hala nola, euskarazko irratian parte hartu zuen lehen emakume esatariaren ibilerak edo euskara irakasle moduan egindako lanak. Poxpolina antzerki taldean izandako parte hartzea jorratzen da liburuan. Halaber, bere ibilbide politikoaren bilakaera ezagutzeko aukera ere ematen du lana, baita bere bizitzaren azken urteetan egin zizkioten omenaldi batzuen berri eman ere.
Jon Andoni Zinkunegi Arzelus egileak, Arzelusen semea, amak idatziko Nere oroimenak eta Nere ekintzak testuak baliatu ditu eta berak sortutakoak idatziak gehitu dizkie. Liburuak bi bertsio ditu, jatorrizkoa euskarazkoa da, baina gaztelerazkoa ez da bestearen itzulpena.