«Irabazi ditugun ligetatik lehiatuena izan da»
Txuri Urdin izotz hockey taldearekin hirugarren liga irabazi duenetako bat da Naroa Ruiz de Galarreta (Amara Berri, 2005). Denboraldia borobiltzeko, asteburuan kopa eskuratzen ahaleginduko direla dio.

Liga hirugarrenez irabazi duzue, baina horretarako finaleko bosgarren partida jokatu eta irabazi behar izan zenuten. Orain arteko titulu zailena izan da?
Esango nuke baietz. Orain arteko denboraldi parekatuena izaten ari da, eta irabazi ditugun ligetatik lehiatuena izan da. Majadahonda izan da gure aurkari zuzena, eta gu haiena. Horren eredu ligako finaleko bost neurketak jokatu ditugula. Halere, ligako beste taldeekin ere lehia estua izan dugu. Liga zailagoa izan denez, politagoa eta hunkigarriagoa izan da irabaztea.
Beraz, ligako maila igo egin dela esan genezake?
Zalantzarik gabe. Azken urteotan agerian geratu da mailak gora egin duela. Pixkanaka bada ere, baliabideak hobetu dira emakumezkoen izotz hockeyan, eta horrek maila igotzen lagundu du. Era berean, gure kirolak gero eta ikusgarritasun handiagoa dauka, eta horrek eragin zuzena du aipaturikoan.
Lehen aldiz bi liga jarraian eskuratu dituzue. Taldea sendotu eta erregularragoak izatea lortu duzue?
Oraindik ez dugu barneratu bi liga jarraian irabazi izana. Oker ez banago, Txuri Urdinek ez du sekula halakorik lortu, eta gu izan gara lehenak. Duela urte batzuk ez genuen espero denbora tarte laburrean hiru liga irabaziko genituenik. Datozen belaunaldi gazteagoentzako garrantzitsua izango da, etorkizunik badelako haientzat.
2022an irabazi zenuten lehen liga. 2023. urtea ez zen ona izan, baina azken bi urteotan maila oso onean aritu zarete.
Nik aldaketa nabaritu dut lehen ligatik hirugarrenera. Taldeari dagokionez, urtez urte asko aldatzen da, joan-etorri asko egoten direlako. Lehen liga irabaztean hasiberri asko geunden, tartean ni. Taldeko gazteenek ez genuen egun dugun tokia. Rolak ere asko aldatu dira. Bestalde, 2023. urtea ez dut uste erabat txarra izan zenik. Taldeak aldaketa asko izan zituen, eta hori nabaritu genuen. Ordea, iaztik hona taldearen oinarria mantendu dugu, nahiz eta bost jokalari gaztetxo izan. Talde egonkorragoa izateak gauzak erraztu dizkigu.
Majadahonda arerio zaila izan da titulua lortzeko bidean. Azken faseko finalean estu aritu zineten bata bestearen kontra. Lehen partida zuek irabazi zenuten han, baina asteburuko bigarrena beraiek. Hurrengo bi partidak Donostian jokatu zenituzten, eta zuen zaleen aurrean titulua ziurtatzeko aukera izan arren, ez zen posible izan…
Hori zen gure ametsa, beste bi ligak etxetik kanpo irabazi genituelako. Dena dela, zorionekoak gara Donostiatik jende asko joan zelako Madrilera gu animatzera, eta baita ospatzera ere. Nahiz eta ez dugu etxean irabazi, etxekoen berotasuna sentitu genuen Majadahondaren izotz pistan.
Gainera, Donostian jokaturiko finaleko hirugarren partida galdu egin zenuten (0-3). Galera hura nola kudeatu zenuten?
Finaleko partidak jokatzen hasi aurretik bagenekien kanporaketa parekatua izango zela. Argi genuen lehen hiru neurketak ez genituela irabaziko, eta baten bat galduko genuela. Hirugarren partidako porrotari aurre egin genion, psikologikoki horretarako prest geundelako. Denboraldi osoan zehar landu dugu, eta gure entrenatzaileak psikologia ikasketak izatea lagungarria izan da. Are gehiago, beste taldeekin alderatuta, faktore garrantzitsu bat izan dela uste dugu.
Azkenik, finaleko azken partida erabakigarria Majadahondan jokatu eta irabazi zenuten. Gogoan duzu?
Hasi orduko gure lehen gola egitea oso garrantzitsua izan zen. Lasaitasun pixka bat eman zigun, nahiz eta bagenekien Majadahondak berdindu zezakeela. Hirugarren zatian sarturiko beste bi golak izan ziren erabakigarria, eta sekulako poza sentitu genuen. Egia da beraiek bigarren gola egin zutela, baina berdintzeko denborarik gabe geratu ziren, zorionez.
Majadahonda zen azken neurketara iritsita, titulua irabazteko faboritoa?
Bai, baina ez gintuen urduritu. Beraiek etxean jokatzean presio gehiago daukate, eta bagenekien horrek mesede egingo zigula.
Majadahonda izan zen fase erregularreko txapelduna, eta zuek txapeldunordeak. Egungo txapelketaren sistemak mesede egin dizue?
Fase erregularra lehen edo bigarren postuan bukatzeak badu eragina, baina ez da erabakigarriena. Majadahondaren atzetik geratu izanari merezi zuen garrantzia eman genion, baina gehiegi kezkatu gabe. Azken batean, kanporaketa bidez erabakitzen da liga, eta hor genuen gure aukera irabazteko. Zorionez, lortu genuen.
Liga irabazita, kopa duzue zain. Asteburuan jokatuko duzue Puigcerdan (Herrialde Katalanak). Finalerdietan, Jacaren aurka ariko zarete larunbatean. Kopak beste lehiaketa eredu bat duenez, irabazten duena pasatuko da finalera, ezta?
Horrela da, bai. Liga eta kopa lehiaketa oso desberdinak dira. Kopa asteburu batean erabakitzen da, eta partida guztiak irabazten dituenak eskuratzen du titulua. Finalerdiari dagokionez, taldeko hainbat jokalariren falta izango dugu. Esaterako, hiru argentinarrak dagoeneko beste txapelketa batzuk jokatzera joan dira. Atezain titularrak ere ez du jokatzerik izango. Beraz, gaudenok egin beharko diogu aurre Jacari.
Liga ez ezik, kopa ere irabaztea da orain helburua?
Bai, eta gogotsu gaude. Dena dela, kopan edozer gauza gerta daiteke. Iaz liga irabazi ondoren, finalerdietatik ez ginen pasatu. Huarteren kontra galdu genuen, eta finalera iritsi ziren beraiek Puigcerdarekin. Hau da, Majadahondak ere ez zuela finala jokatu. Horrela ere, saiatuko gara denboraldiko bigarren titulua eskuratzen.