Manteo auzunea «erabat utzita» dagoela jakinarazi dute bizilagunek
Identifikatu dituzten gabezien artean daude argiztapen falta, ekipamenduen degradazioa, zikinkeria eta segurtasun eza.

Ulia mendiaren magalean eta Manteoko Xabier Zubiri ikastetxearen artean dago Manteo auzunea. Orain gutxi arte izen bereko zeharbide bat zegoen, frontoitik gorantz doana, baina orain kalea da. Hain zuzen ere, Manteo kaleko bizilagunek hilabeteak daramatzate auzunea “erabat utzita” dagoela salatzen. Iazko irailean jo zuten Donostiako Udalarengana, baina aurtengo martxora arte ez dute erantzunik jaso.
Pasa den astean, hilaren 17an, auzotarren batzarra egin zuten Okendo Kultur Etxean. Manteoko 60 bizilagun baino gehiagok parte hartu zuten, eta auzunearen gabeziak eta beharrak zerrendatu zituzten. Horiek denak auzo programa batean jaso dituzte, eta gaur goizean egin dute aurkezpena Manteoko frontoian. Hedabide guztiei deialdia luzatu arren, IRUTXULOKO HITZA soilik agertu da.
Aurkezpenean hainbat bizilagunek parte hartu dute, eta azalpenak emateaz Javier Castroviejo auzotarra arduratu da. Identifikatu dituzten gabeziak banan-banan erakutsi ditu ibilbide bat eginez, eta oso kritiko agertu da Donostiako Udalarekin. “Manteo utzita dago, eta utzikeriaz jokatzen ari dira”, deitoratu du Castroviejok. Pilotalekuaren eta inguruko hiri altzarien “degradazioari” erreparatu dio gehien, eta argiztapen falta nabaria duela auzuneak.
Duintasun falta
Manteoko bizilagunen gabezien lehentasuna ez den arren, garrantzitsua den beste kezka bat plazaratu du Castroviejok: “Abandonuak bere adierazlerik handiena lortu du auzunean: baliabiderik ez duten pertsonek udal lorategietan azpi-etxebizitzak eraikitzea baimentzen du udalak, hor bizi diren pertsonei alternatiba duinik eskaini gabe”. Horrekin batera, ohartarazi du udal lorategiko “azpi-etxebizitza” horietan butano bonbonak daudela: “Hori oso arriskutsua da eraikin inprobisatu horietan bizi diren pertsonentzat eta auzoko bizilagunentzat”.
Horiek horrela, udalari neurri “eraginkorrak” exijitu dizkiote Manteoko bizilagunek: “Azpi-etxebizitzen kokalekua desegitea, ahultasun egoeran dauden pertsona horientzako bizitoki alternatiba duina bermatzea, kalteturiko espazio publikoa lehengoratzea eta babestea, eta auzunea hobetzeko plan integral bat ezartzea, argiztapena, garbiketa, mantentze lanak eta segurtasuna indartzearekin batera”.