Balorazio Batzordeak ebatzi du: Ertzaintzak hil zuen Rosa Zarra

Eusko Jaurlaritzako Poliziaren Biktimen Balorazio Batzordeak egindako balorazio txostenean onartu dute Ertzaintzak hil zuela Rosa Zarra. Manifestazio batean zegoela, pilotakada jaso zuen Zarrak, artean 58 urte zituela, eta egunetara hil zen. Ordutik, arduradun politikoek —garaian EAJko Juan Mari Atutxa zen sailburua— ukatu egin dute pilotakadak hil zuela Zarra. Heriotzaren 25. urteurrenean erreportaje zabala egin zuen hedabide honek.
Berria–k jaso duenez, 2023ko urtarrilean bildu ziren Zarraren sendia eta batzordea, kasua aztertzeko. Batzordeak irailean erabakia hartu bazuen ere, familiak ez zuen joan den astera arte izan ebazpenaren berri. IRUTXULOKO HITZA-ri azaldu diotenez, datorren astelehenean jasoko dute txostena, eta ordura arte ez dute jakingo “zehazki” zer den bertan jasotzen dena.
Borrokan izan da familia urte hauetan guztietan Zarraren heriotza argitzeko eskatuz. Hamaika aldiz salatu dutenez, ordea, agintari politikoengandik ez dute sekula babes eta errekonozimendurik jaso. Kontrakoa, “mina gehitu” dutela uste dute, heriotzaren kausak ezkutatzen saiatzeagatik.
Atutxa sailburua zenak, adibidez, adierazi zuen aurretik zuen gaixotasun batengatik hil zela Zarra, eta berdin-berdin hilko zatekeela pilotakada jaso gabe ere. Familiak salaketa bat aurkeztu zuen arren, Espainiako Toxikologia Institutuaren azterketa anatomiko patologikoak ondorioztatu zuen ezin zirela pilotakada eta heriotza lotu, eta 1995eko irailean artxibatu zuten.
2021ean Ertzaintzako Esan sindikatuak albiste bat zuzentzeko agindu zion ETB2ri: Zarra gomazko pilota batek hil zuela zioen berriak. Esanek argudiatu zuen epaitegietan ezin izan zela frogatu gomazko pilotakadaren eta heriotzaren arteko lotura.
Joan den uztailean ekitaldi hunkigarria egin zuen familiak, aipatu bezala, Donostiako Udalaren aldetik inolako errekonozimendu ofizialik jaso gabe.


























