«Elkarlana egin genuen Herri Gogoarekin urte askoan; esker hitzak besterik ez ditugu»
Joxemari Sors eta Jon Jaka Elkar fundazioko kide ohiak dira, 1970eko hamarkadatik gaur arte euskal kulturaren aldeko ekintzaileak. Duela bi asteko Herri Gogoaren erreportajean Elkarri buruzko hainbat baieztapen egin zirela eta, garaiaren inguruan xehetasunak eman nahi izan dizkiote IRUTXULOKO HITZAn.

Ia-ia Elkarren sorreratik zaudete zuek. Nola izan zen hastapena?
Jon Jaka (J.J.): Ipar Euskal Herriko hogei euskaltzalek, tartean kantari eta idazleak, sortu zuten E.L.K.A.R 1972an: Euskal Kantu eta Liburuen Argitaldaria. Liburu gutxi batzuk, eta batez ere musika hasi ziren argitaratzen. Handik bi urtera, hasierako diru gastatuta, Hego Euskal Herriko beste hogei elkarkide sartzeko aukera eman zen.
Joxemari Sors (J.S.): Goiztiri argitaletxea izan zen lehenago, eta Laboa, Lertxundi eta Leteren single batzuk argitaratuak zituen. Geldirik zeudenez, haien funtsa erosi zuten Elkar abiatzeko. Bakoitzak 1.000 libera jarri zituen, hilabeteko soldata baino gehiago, zena eta horrek erakusten du garaiko militantismoa. Nazio ikuspegia emateko sartu ginen Hegoaldekoak: lurralde guztietako jendea zegoen.
Pantxoa eta Peioren lehenengo diskoa inflexio puntua izan zen.
J.J.: Pantxoa eta Peioren LP bikoitza argitaratzean hasi zen benetan gorpuzten Elkar. Ipar Euskal Herrian jarraitu zuen arren, 1977an, Hegoaldean sortu zen, eta hor, jada, beste abiadura bat hartu zuen.
J.S.: Iñaki Beobiderekin genuen harremana oso ona zen garaian. Ez genuen dirurik diskorik ekoizteko, eta Beobiderekin tratu bat egin genuen: Pantxoa eta Peioren lehenengo diskoa haien estudioan grabatzeko baimena eman ziguten. Guk Iparraldean argitaratu genuen zentsurarik gabe, eta Herri Gogoak Hegoaldean, zentsura pasatuta.
Zer funts erosi zituen Elkarrek?
J.J.: 1970eko hamarkadan euskal kantagintzak boom bat izan zuen. Hasiera batean, soilik Herri Gogoa zegoen, baina gero sartu ziren Artezi, Xoxoa eta Elkar ere indarrean. Sei bat urte, egon zen indarrean booma, baina gerora zigilu batzuk bestelako lanetan hasi ziren —Xoxoa ETBrentzat…—. Beharbada, ekonomikoki urte onenak eman zituzten arren, kulturalki oso garrantzitsuak dira, zaindu behar dena eta gorde behar dena.
J.S.: Lehenengoa Goiztiri erostea izan zen, eta gero Artezi, Herri Gogoa, Xoxoa eta IZ. Zergatik egin genuen? Disko horiek ekonomikoki eman zuten emandakoa, baina ezin genuen onartu egindako ekarpena galtzea. Momentu honetan, ez ditugu erosi, baina guk kudeatzen ditugu Esan Ozenki eta Metaken eskubideak.
Den-denak erosi dira kontratuekin, egile eskubideak pagatuta, eta SGAEn behar bezala altak emanda. Beti egin izan da dokumentazio guztiarekin: baldintza moduan jarri genuen, beti, musikarien eskubideak ordaintzea. Beti aldarrikatu ditugu baldintza duinak sortzaileentzat, eta merkatuaren legeen arabera ordaintzea.
Nola izan zen tratua Herri Gogoarekin?
J.S.: Zigiluak erostera ez ginen gu joan, eta ez ziren ere haiek etorri gugana. Harremana ona zen zigiluekin, eta momentu batean gauzatu egin zen, naturalki. Ez soilik zigilua. Gu Axen Egaña eta Iñaki Beobiderekin oso eskertuak gaude. Garai hartan egin zuten lana egitea oso-oso neketsua zen. Eta arriskutsua. Guk, Franco hil eta gero arriskuak izan bagenituen, pentsa haiek lehenago. Oso eskertuak gaude gauza askogatik: euskal kulturaren alde egin duten lanagatik, baina baita ere, gurekin egindako tratuengatik. Funtsa jasotzeaz gain, Elkarrek Herri Gogoaren estudioa erosi zuen.
«Elkarrek estudioa baldin badauka
Herri Gogoari esker da;
berria jartzea ezinezkoa izango zen»
Tomas Grosen zegoen hura?
J.S.: Beobidek erabaki zuenean Herri Gogoa bertan behera uztea, ETBren sorreran buru-belarri hasi zelako, estudioa ere saldu egin zigun. Elkarrek estudioa baldin badauka Herri Gogoari esker da. Berri bat jartzea, guretzat, ezinezkoa izango zen. Gutxi balitz, estudio hori bizirik dago gaur egun: Niko Etxartek erabiltzen du. Elkarlana egin genuen Axen eta Iñakirekin urte askoan, eta beti moldatu gara ondo.
J.J.: Elkarrek Lasarten muntatu zuen lehenengo estudioa Herri Gogoaren tresneria guztiarekin egin zen. Eta Elkarri izugarrizko bultzada eman zion.
Herri Gogoaren funtsa ez zela ordaindu esan zuen Egañak, martxoaren 7an argitaratu genuen erreportajean.
J.J.: Bai, ordaindu zen; Axen erratuta dago. 40 urte pasatu dira ordutik, eta beste zerbaitekin edo norbaitekin nahasmena du. Axenek berak eta Joseba Jaka zenak izenpetu zuten, eta ordaindu, bere garaian ordaindu zen.
J.S.: Dokumentuak gordeta ditugu, kontratuarekin, eta ordainketa ere. Beobidek sinatutako aurrerapenaren erreziboa barne.
Akordioaren nondik norakoak zehazterik bai?
J.S.: Orduan pezetak ziren, orain euroak, kopuruak ez du garrantzi handirik jendearentzat. Garrantzitsuena da akordio baten bidez egin zela, eta kontratu sinatu batzuetan.
1982ko abenduaren 31n egin zen ETBko lehenengo emisioa. Beobiderekin berarekin aurre akordioa 1984an egin genuen, diru aurrerapena emanez [erreziboa erakutsi dute] eta akordioa 1985eko apirilaren 30ean sinatu zuten, Axen Egañarekin [Egañaren gutuna erakutsi dute]. Guk argi utzi nahi dugu hau, baina era berean eskertu nahi diogu Herri Gogoari Pantxoa ta Peioren diskotik hasita, estudioaren salmentaraino izan dugun harremana. Elkar zerbait da haiei esker eta esker hitzak besterik ez ditugu Herri Gogoarentzat.
«Argi utzi nahi
dugu Elkarrek
kontratuekin erosi
zuela Herri Gogoa»
Zer paper bete zuen, bada, Herri Gogoak?
J.J: Herri Gogoa izan zen euskal kantugintzaren ernamuina. CINSAk egin zuen, gauza sueltoak baziren, baina Herri Gogoak heldu zion ondo, eta geroko euskal kantagintza izango zenaren zutabeak jarri zituen: musika herrikoia, berritzailea, Ez Dok Amairuren hastapena, bertsogintza… Herri Gogoa izan zen euskal kantagintza moldatzen eta hornitzen joan zen zigilua.
J.S.: Herri bat ezagutzeko, musika funtsezkoa da: zergatik ezagutzen ditugu Haiti eta Kuba? Musikagatik asko etorri da. Beobide eta Egaña saiatu ziren doinu horiek plazan jartzen, geure herria ezagutzera emateko.
J.J.: Liburuak historia jasotzen du, kantagintzak berriz, herria piztu egiten du, nortasuna ematen dio. Hori bilatu zuen Herri Gogoak eta egindako lana, beharbada, ez da nahikoa errekonozitu.
J.S.: Axen Egañarekin ere justizia egin duzue. Herri Gogoaz hitz egiterakoan Iñaki Beobidez hitz egiten zen soilik, baina, eta Axen, zer? Axenek egindako lana ezinbestekoa izan zen. Maite Idirin, Estitxu eta Lurdes Iriondo ahaztuak geratu diren moduan, emakumeen memoria berreskuratu beharra dago.
Elkarri esker, beraz, galdu zitezkeen funtsak mantentzea lortu da.
J.S.: Guk beti kopia bat Eresbili eman diogu, eta eskerrak, 1997ko uholdeetan master eta kontratu mordoa galdu genituen eta. Galera ekonomiko izugarria izan zen. Eskerrak Eresbil zegoela eta liburuetako inprentak. Egun, saiatzen ari gara, ahal den moduan, lan zaharrak berrargitaratzen.
‘Akelarre Sorta’ disko mitikoa berrargitaratu duzue, adibidez.
J.S.: Ziklo aldaketan gaude eta 2024an, Espainiako Estatuan, binilo gehiago saldu dira CDak baino. Bigarren eskuko disko eta liburu batzuk izugarri garesti saltzen dituzte. Krutwigen Vasconia–ren ale batzuk berreskuratu eta salgai jarri ditugu, 40 euroan; 1.000 euroan ere saltzen zen liburua sarean!
Aurrera begira, zeintzuk dira Elkarren helburuak?
J.S.: Enpresa eta ekonomia euskal kulturaren zerbitzura jartzea, hori izan da gure leloa. Produktu batzuetan irabazi egiten da eta, besteetan, inbertitu. Etekin ekonomikoa beharrezkoa da, baina etekin kulturala da gure helburua.
Kontsumo ohiturak erabat aldatu dira: kultura kontsumorako zerbait bihurtu da. Guk lehen oso ondo bereizten genuen liburu bat argitaratzea eta liburu fungible bat. Gaur egun, dena da fungiblea. Zalantzan dagoena da kulturaren definizioa bera. Hedabideetan ere ikusten da: soilik titularrak irakurtzen dira. Teknologia asko dago, baina pobrezia handia. Era berean, Euskal Herrian inoiz baino musikari eta idazle hobeak daude. Askotan, esaten da gehiegi sortzen dela. Ez, gutxiegi kontsumitzen da. •